Durangoko jaietan lau emanaldi izango dituzue. Prest zaudete?
Indarra soberan dugu! Bai, oso gogotsu gaude. Udal egitarauko saio bi, Kale Kantoi tabernarako beste bat eta kuadrilla batentzako beste bat egingo ditugu.
Zer esango zenieke Durangoko jaietan zuekin batuko direnei?
Gugaz ondo pasatuko dutela, eta eskatu diezazkigutela kantak. Azkenaldian, gazte asko hurbiltzen zaigula igarri dugu. Maite dute kaleko txaranga giro hori. Izurriaren osteko gazte belaunaldia kale eske dator. Asko hurbiltzen dira txaranga girora.
Zein da txaranga batek jai giroari egiten dion ekarpena?
Txarangak musika kaleratzen du. Musika kalean dauden herritarren artera zabaltzen du, euren ondo-ondora eramanda. Ez dago ezelako tranparik. Musika zuzena da. Txarangek oso errepertorio zabala izaten dute. Kalejiretarako aproposa, kuadrilla giroan murgiltzeko aproposa. Gaur egungo abesti arrakastatsuak, musika dantzagarriagoa,... denerik jotzen dugu.
Elorrioko jaietan, Gasteizkoetan, Nafarroako hainbat herritan... saio asko izaten duzue.
Bai, emanaldi asko dugu urtean. Normalean errege kabalkadagaz edo danborradagaz hasten dugu urtea. Hortik aurrera, Tolosako inauterietan hiru egunez, Laudioko San Prudentzio jaietan, Ourenseko herri bateko jaietan, Zornotzan, Bilbon, San Ferminetako bederatzi egunetan zein Gasteizko jai egun guztietan egoten gara. Urtea Elorrioko jaietan, Basaurin eta Durangon amaitzen dugu.
Urtean zenbat emanaldi izaten duzue?
60tik 80ra bitartean,
Orain dela gutxi, Sugarrik 45 urte bete ditu. Talde beteranoa dela esan daiteke.
Sugarri Durangoko Musika Bandako kide batzuek sortu zuten. Bandako kontzertuak amaitu eta gero, taldeko kide batzuk tabernetan elkartu eta musika jotzen hasi ziren, arrazoi berezirik barik, jaiak aurrera egin zezan. Horrela sortu zen taldea, hamabost bat kidegaz hasieran. Gero, lagunak zein familiako kideak batuta, taldea trinkotu egin zen. Ni, adibidez, 2000n ailegatu nintzen. Hor transformazio bat egin genuen. Taldea finkatu genuen, gutxieneko musika tresna batzuekin, errepertorio landuago bategaz. Profesionalizatu egin ginen, zelanbait. Urte hauetan guztietan, taldekide batzuk gorabehera, betikoak gaude. Bakoitzak bere bizimodua eta bere lana du, baina talde honetan elkartzen gara gero.