Durangoko gobernu taldeak uztailean aurkeztu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena. Bertan jaso zituen herria datozen urteetan antolatzeko lehenengo zirriborroak, aurrerantzean horiek garatzen joan eta laster behin-betiko plan orokorra indarrean sartzeko asmoz. Bada, gaur, EAJk plan orokorraren aurrerapena "hobetzeko eta etorkizuneko Durango diseinatzeko ekarpenak" aurkeztu dizkio gobernu taldeari. Mireia Elkoroiribe bozeramaileak eta Sara Oceja zinegotziak horri buruzko azalpenak eman dituzte prentsaurrean. Jeltzaleek plan orokorraren aurrerapena hobetzeko 10 ekarpen aurkeztu dizkiote gobernu taldeari. Komertzioari, turismoari, industriari, kulturari eta kirolari loturiko ekarpenak dira euretako batzuk, baina, zehazki, gai bitan egin dute azpimarra: Maristak ikastetxearen proiektuan eta PERI Trenbidearen proiektuan.
Lehendabizikoaren kasuan, jeltzaleek uste dute HAPOaren aurrerapenak "arriskuan" ipini dezakeela Maristak ikastetxeak garai bateko Fundifes lantegiaren orubean eraikitzekoa duen proiektua. Sara Oceja zinegotziaren berbetan, plan orokorraren aurrerapenak "ez du Maristen proiektuak eskatzen dituen eraikigarritasun beharrizanak bermatzen, hain zuzen ere, lur arlo horretan babestutako etxebizitzei bidea ematea ere aurreikusten delako". Horrek Maristen proiektua kaltetu dezakeela uste du EAJk, proiektuari "beharrezko eraikigarritasuna" kenduko diolakoan.
Bestalde, PERI Trenbidea proiektuari dagokionez, EAJk gaur gaurkoz indarrean dagoenaren alde, urteetatik hona indarrean egondakoa mantentzearen alde dagoela berretsi du. Zentzu horretan, "ezinbestekotzat" jo dute proiektuak jasotzen duen "ekipamendu azpiegitura" bere horretan mantentzea. "Azpiegitura hori mantentzea ezinbestekoa da. Egia da guk bertan Gaitasun Handiko Osasun Zentroa egitea hobesten dugula, baina hori horrela ez bada ere, adostutako beste zerbait egin daiteke bertan. Hezkuntzari lotutako azpiegitura bat, demagun", adierazi du Elkoroiribek. Sara Ocejaren iritziz, gobernu taldearen "helburu politikoa bere garaian egindako herri galdeketa justifikatzea da, durangarren erdiak parte hartu ez zuen galdeketa".
Jeltzaleek egindako beste ekarpen batzuk Pinondo Etxea eta San Agustin ospitale zaharra kulturara bideratzea, trenbidearen trazadura zaharra gune berdeetarako eta bizikleta trafikoarentzako antolatzea, Musika Eskola handitzea, edo Mendizaletasunaren museoa egitea dira.