Durangoko EAJk Gaitasun Handiko Osasun Zentroa eraikitzea proposatu du PERIaren orubean

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 4a, 11:11

Proiektuak "larrialdiak, pediatria, Lehen Arretako zerbitzuak eta espezialitateak" hartuko lituzke, "ospitaleetara egin ohi diren lekualdaketak saihestuta". Orubea parke handi batek, Babes Ofizialeko Etxebizitzek eta 10 solairuko etxebizitza libreek ere osatuko lukete. 

Hauteskunde giroa pil-pilean ipintzen hasia da Durangon. Edo halantxik dirudi behintzat. Izan ere, Durangoko EAJk "alternatiba bat" planteatu dio gobernu taldeak eta Jaurlaritzak eskuartean duten aurre akordioari. PERIaren orubean Gaitasun Handiko Osasun Zentro bat eraikitzea proposatu dute, horrekin durangarren zein eskualdeko herritarren "osasun beharrizanak eta eskariak" betetzeko. Osasun zentro hori ez litzateke ospitalea izatera ailegatuko, baina jeltzaleek azpimarratu dute Gernikakoaren pareko zentro bat litzatekeela. "Lehen Arretako zerbitzuak, medikuntza eta pediatria, larrialdiak, espezializateetako kanpo-kontsultak eta proba diagnostikoak" hartuko lituzkeen azpiegitura. Zentroagaz, "gaur egun ospitaleetara egiten diren lekualdaketa asko" saihestea gura du EAJk. Proiektua egitekotan, anbulatorio zaharreko eta Landakoko osasun zentroko zerbitzuak PERIaren eremuan zentralizatuko lirateke, "efizientzia" irabazita.

"Bideragarria" PERIarekin

Jeltzaleek diotenez, proiektua "bideragarria" da gaur egun indarrean dagoen PERIaren barruan, eta horrek obrak "berehala" martxan ipintzea ahalbidetuko luke, "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra moldatu barik", eta horrenbestez, "10 bat urteko itxaronaldia" barik. "Beti defendatu izan dugu PERIaren barruko ekipazio eraikina. Hau beti izan da gure proposamena. Tren geltoki zaharraren orubea Durangoko lur zatirik inportanteena da, eta proposamen honek adostasun handia izan dezakeela uste dugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak. Bestalde, Elkoroiribek gaineratu du proposamenak Durangoko herriaren ondarea (San Agustingo ospitale zaharra eta Pinondo Etxea) mantentzea ekarriko lukeela.

Parkea eta etxebizitzak ere bai

Proiektuak proposatzen dituen beste puntu batzuek etxebizitzei, berdeguneei eta aisialdiari eragiten die. EAJk orubea 45.000 metro karratuko "parke publiko handi batekin" osatzea proposatu du, "belaunaldien arteko topagune bat" egiteko. Eraikinetako batean Durangon erroldatutako herritarrentzako "Babes Ofizialeko 111 Etxebizitza" eraikiko lirateke, eta gainerako bost eraikinetan etxebizitza libreak altxatuko lirateke. "Hamar solairuko eta atikodun etxebizitzak", Elkoroiriberen berbetan.

Haueskundeetara begira

Izaskun Urien Durangoko Uri Batzarreko presidenteak aurreratu du proposamena 2023ko hauteskunde programan txertatuko dutela. "Asko dago jokoan, eta gobernu taldearen proposamenaren aurrean, badira alternatibak", gaineratu du. Alde horretatik, EAJk Durangoko udalbatzara eramango du gaia. Gobernu taldeari eskatuko dio proposamena Jaurlaritzari helarazi diezaion, Osasun Sailak, "proiektuaren bideragarritasuna" ebatzi dezan. "Osasun Sailak Durangaldeko osasun beharrizanen azterketa egiteko konpromisoa hartu du. Osasun Sailak esan beharko du zein zerbitzu beharko liratekeen zentro horretan", adierazi du Elkoroiribek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!