"Abuztuaren bukaeran" hasiko dira gaztetxea izandakoa botatzen

Anboto 2022ko uzt. 19a, 21:50

Eraikinaren jabeek ordainduko dituzte berau botatzeko gastuak, udalak berretsi duenez.

Herriaren Eskubideak eta Durangoko Udalak jakinarazi dute Uribarri kalearen 23. zenbakiko eraikina (Sapuetxe gaztetxea izandakoa), "abuztuaren bukaeran" hasiko direla botatzen. Alderdi moreak berretsi du eraikinaren jabeek ordainduko dituztela botatze gastuak. Horrela bada, badirudi behinola notaritza, propietate-erregistroa eta gaztetxe izandako eraikinak bere azken egunak dituela. Auziak bira eta korapilo asko izan ditu hamarkadetan zehar. Azkena, aurtengo otsailean. Euskadiko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Durangoko Udalak eta URAk aurreko legegintzaldian hartu zuten akordioa. EAJk, PSE-EEk osaturiko gobernu taldeak eta URA agentziak eraikina erdi bana botatzea adostu zuten 2018ko otsailean. Bakoitzak 425.000 euro ipintzea adostu zuten. Baina Herriaren Eskubideak helegitea ipini zien asmo haiei, eta Euskadiko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion alderdi moreari. Udalak eta URAk 2018an sinaturiko akordioa baliogabetzat jo zuen.

Herriaren Eskubideak dioenez, eraikina 1964an eraiki zen, eta handik urte batzuetara, 1970ean, Auzitegi Gorenak "ilegala" zela ebatzi zuen. "Eraikina bota ahal izateko epea 1985era artekoa zen. Zergatik ez zen bota?", galdetu zuen Jorge Varela zinegotziak iazko otsailean egindako osoko bilkuran. Herriaren Eskubideak dio "borroka auzitegietara eramateagatik", diru publikoa "interes partikularretara bideratzea ekidin" duela. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!