Durangoko Udalak eta URAk gaztetxea zena botatzeko adostu zuten akordioa “nulua” da udal idazkariaren arabera

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 24a, 20:56
Montevideo kalearen bueltako bizilagun batek 200 biztanlek egindako eskaria eraman du osoko bilkurara.

Montevideo kaleren bueltako bizilagun batek 200 biztanle baino gehiagok babestutako mozioa aurkeztu du. “Eraikina bota dadin beharrezkoak diren pausoak ematea” eskatu dio udalbatzari. Eskaria aho batez onartu dute zinegotzi guztiek. Bestalde, udal idazkariak “nulutzat” jo du 2017an URAk eta Durangoko Udalak eraikina botatzeko itxi zuten ituna. 

Durangoko udalbatzan gaztetxea izandako eraikinari buruzko eztabaida izan da gaur. Montevideo kalearen bueltako bizilagun batek mozio bat eraman du gaurko osoko bilkurara. “Eraikina botatzeko beharrezkoak diren pausoak eman ditzan” eskatu dio udalari, “segurtasun eta osasun” arrazoiak direla eta. 200 herritar baino gehiagok babestutako adierazpena helarazi die politikariei. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek aho batez onartu dute eskaria. Eraikinaren eraisketa errealitatea izan dadin pausoak emango dituztela berretsi dute alde guztiek.

Eraikin “ilegala”

Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea taldeko Jorge Varelak 1970eko martxoan Auzitegi Gorenak kaleratutako ebazpen bat aipatu du osoko bilkuran. Ebazpen hark, eraikina “ilegala” dela, eta horrenbestez bota egin behar zela jasotzen duela aipatu du. “Hori egiteko 1985era arteko epea zegoen”. Ordu hartako gobernu taldeak eraikina botatzeko pausorik “zergatik ez zuen eman” galdetu du Varelak.

Akordio “nulua”

Eztabaidaren beste puntu bat Durangoko Udalaren eta URAren arteko akordioari buruzkoa izan da. 2017ko otsailaren 7an eraikina botatzeko akordioa sinatu zuten alde biek. Bakoitzak bere partetik 425.000 euro ipiniko zituztela adostu zuten. Egunotan akordio hari heltzeko eskaria egin dio EAJk udal gobernu taldeari. Alabaina, gaurko udalbatzan, udal idazkariak esan duenez, “nulua” litzateke akordio hori. Akordioa ez zen inolako txosten juridikotan oinarritu,  eta ez zen erabakia justifikatzeko txosten fiskalik aurkeztu, idazkariaren esanetan. Balioagabea da, beraz.

Dena den, bada galdera nagusi bat. Eta horixe galdetu du Montevideo kaleko bizilagunak bigarrenez berba hartu duenean: “Nori dagokio, legez, sententzia batek halaxe agintzen duelako, eraikina botatzea edo eraikina botatzea betearaztea?”. Bada, Elkarrekin Podemos - Herriaren Eskubidea taldeko zinegotziek bilkura amaieran adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzarena litzateke ardura hori. Eta zehatzago esanda, URArena. “Garai batean, 1970etik aurrera, Iparraldeko Uren Konfederazioak zuen hori betearazteko ardura. Transferentziak Euskal Autonomia Erkidegora igaro zirenean, baina, Jaurlaritzak hartu zuen ardura hori. Eta nor da hor uren arduraduna? Bada, URA bera”, esan du Varelak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!