Gaztetxea izandakoa botatzea eraikinaren jabeek ordainduko dute

Anboto 2021ko aza. 26a, 13:40

Durangoko Udalak, URAk eta eraikinaren jabeek aurreakordioa lortu dute gaztetxea izandakoa botatzeko: Bat: eraikinaren eraisketa jabeek ordainduko dute. Bi: URAk zubia ordezkatuko du. Eta hiru: udalak ingurunea hobetzeko lanak egingo ditu.

Durangoko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, udalak, URAk eta gaztetxea izandako eraikinaren jabeek aurreakordioa lortu dute eraikina botatzeko. Hiru aldetako adostasun hori honela gauzatuko dute: eraikinaren jabeek eraispena ordainduko dute, eta hori egin ostean, URAk, Montevideo kaleko zubia moldatuko du 1.160.000 euroko inbertsioagaz. Azkenik, Durangoko Udalak bertan geratzen den lur arloa egokituko du.

Udal iturriek jakinarazi dutenez, udalak eta eraikinaren jabeek udaberrian hasi zituzten eraikina botatzeko negozioazioak. Berriki igarotako azaroaren 19an, berriz, URArekin batu zen eraisketa proiektuaren kostu osoak zehazteko.  

Akordio "nulua"

Pasa den legegintzaldian, URAk eta orduko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) eraikina botatzeko akordioa sinatu zuten. Alde bakoitzak 425.000 euro ipiniko zituela adostu zuen. Baina Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea taldeak helegitea ipini zien asmo horiei. Puntu hori auzitegietan dago, eta erabat argitu barik dago oraingoz. Dena dela, otsaileko osoko bilkuran, udal idazkariak "nulutzat" jo zuen akordioa. Bere berbetan, ituna ez zen inolako txosten juridikotan oinarritu eta ez zen erabakia justifikatzeko txosten fiskalik aurkeztu. 

Eraikin ilegala

1970eko martxoan, Auzitegi Gorenak eraikina “ilegala” zela, eta horrenbestez bota egin behar zela ebatzi zuen. Hori egiteko 1985era arteko epea zegoen, baina ordutik hona ez da ezer egin. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!