Epaitegiak baliogabetu egin du Sapuetxe gaztetxea izandakoa botatzeko 2018an sinatutako akordioa

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 24a, 09:04

Euskadiko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Herriaren Eskubideari, eta balio barik utzi du Durangoko Udalak eta URA agentziak Uribarri kaleko eraikina botatzeko 2018ko otsailean itxi zuten akordioa.

Jorge Varela zinegotziak Durangoko osoko bilkuran jakinarazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Durangoko Udalak eta URA agentziak Sapuetxe gaztetxea izandako eraikina erdibana botatzeko 2018ko otsailean sinatu zuten ituna. Akordio hura EAJk eta PSE-EEk osaturiko gobernu taldeak sinatu zuten URA agentziagaz. Alde biek 425.000 euro ipiniko zituztela hitzartu zuten. Baina Herriaren Eskubidea koalizioak helegitea ipini zien asmo horiei, eraikina jabetza pribatukoa denez, eraikina botatzearen ardura jabeak berak hartu beharko lukeela iritzita. Orain, lau urte eta gero, helegite horren ebazpena iritsi da. Auzitegiak arrazoia eman dio Herriaren Eskubideari.

Euskadiko Auzitegi Nagusiak akordioa "nulua" dela ebatzi du. Epaiak jasotzen duenez, ituna egiterakoan ez zen "zegokion legezko prozedura" jarraitu. Eta zehatzago esanda, ez ziren eraikina botatzea justifikatzeko txostenak, ez eta eraisketari loturiko txosten ekonomikoak aurkeztu. Gainera, auzitegiaren ebazpen honek bat egiten du duela urtebete, Durangoko udal idazkariak egindako irakurketarekin. Udal idazkariak akordioa "nulua" zela adierazi zuen 2021eko otsaileko osoko bilkuran. Eta aotzoko udalbatzan ere, horixe berretsi zuen. "Atera beharreko ondorioen artean honako hau dago: duela urtebete egindako balorazio juridikoa zuzena izan zen".

Auzitegiaren ebazpenak dioen beste kontu bat da Durangoko Udalak eta URAk gastu juridikoak ordaindu beharko dituztela. Gastuen %60 URAk ordaindu beharko du; %40, udalak. Dena den, ebazpenak ateak zabalik utzi ditu helegiteak ipintzeko. Bestalde, Jorge Varelak adierazi du gaur egungo gobernu taldea, URA eta eraikinaren jabea "azken ukituak" ematen ari direla, eraikina botatzeko. Horren arabera, eraikina jabeek botako dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!