LGTBI FAMILIAK

“LGTBI familien ikusgaitasuna lantzea urgentea da, umeek erreferenteak izan ditzaten”

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 24a, 10:00

Kontxi Ramos Talladak (Zaragoza, 1976) eta Ines Etxegibel Alberdik (Durango, 1974) hiru seme dituzte. Bederatzi urteko Leo eta sei urteko Niko eta Peru. Durangon bizi dira.

Zelan erabaki zenuten familia sortzea?
Kontxi Ramos: Nik txikitatik argi nuen ama izango nintzena, eta Inesek ere argi zuen. Elkarregaz genbiltzala gaiak irten zuen.
Ines Etxegibel: Bai, oso erraza izan zen dena. Denbora bat generaman elkarregaz, eta puntu batetik aurrera familia sortzea erabaki genuen.
K.R.: Intseminazio artifizialaren bidea hartu genuen. Eta, egia esan, zorte handia izan genuen. Izan ere, oso tratamendu gogorrak dira eta denbora epeak ere oso markatuta daude. Etengabeko kontrola duzu. Baina iruditzen zait zortedunak izan ginela. Hirurak erraz jaio ziren.

Zelan erabaki zenuten biotako zein ernalduko zen?
I.E.: Nik saiakera bat egin nuen lehenengo. Umea izan gura nuen, nahiz eta ez diodan lotura biologikoaren beharrizan horri garrantzirik ematen. 
K.R.: Epe bat utzi genuen, Inesek atseden hartzeko. Eta, azkenean, hiru umeak neuk izan nituen. Hori ere oso erraz erabaki genuen.

Familia ez arautu bat izateak ekarri dizue zailtasunik?
I.E.: Gu José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidente zela ezkondu ginen, hain zuzen ere sexu berekoen arteko ezkontzak onartu zirenean. Mariano Rajoy boterera ailegatuko zen beldurrez, ezkontzea erabaki genuen, legea indargabetuko zuelakoan. Kontua da bikote heterosexualek ez dutela zertan ezkondu umea izateko. Bikote homosexualek, ostera, bai. Ezkonduta egotea ezinbesteko baldintza da umea guraso biena izan dadin. Berdin intseminazio artifizialaren kasuan zein adopzioaren kasuan. Zer gertatzen da bestela? Kontxik ume bat badu nigaz ezkonduta egon barik, nik umea adopzioan hartu beharko nuke. Horrelakoak asko gertatzen dira. Hor badira zailtasunak, baina kalean, eskolan, ez dugu ezelako arazorik izan. 

Zelako garrantzia du LGTBI familiak ikusgai egoteak?
I.E.: Besteek hau ezagutzen ez badute, gu garenari oihartzunik ematen ez bazaio, hor beldurrak eta bazterkeriak sortu daitezke. Horma txikiak, handiak botatzen bagoaz egoera denontzat izango da arrunta. 
K.R.: Nik uste lagungarria dela. Umeak ikusi behar du familiak anitzak direla. LGTBI familiak, familia monoparentalak, guraso bananduak daudela. Hori guzti hori oso ondo dago umea martziano sentitu ez dadin. Ez dezan uste bere kasua bakarra dela. 
I.E.: Ikusgaitasuna urgentziaz landu beharreko kontua da. Erreferentziak sortzeak eragin inportantea du umeengan. 

Umeek ama bi dituztela esaten dute eskolan.
K.R.: Bai, eta lagun batzuek etengabe galdetzen dute ea Peruk ama bi dituen. Galderak egiten dituzte, eta guk azaltzen diegu maitemindu egin ginela eta umeak izatea erabaki genuela. Umeek naturaltasun handiz bizi dute dena. 

Familia osatzeak zer eman dizue? 
I.E.: Poza, zoriona. Baina horrek ez du kentzen tarteka gogorra ere badela. Adin txikiko hiru ume izatea, bakoitza bere izaeragaz, bere beharrizanekin. Lanak ematen ditu dena kudeatzeko.
K.R.: Niretzat etenik ez duen ikasketa prozesua da. Eta azkenaldian ikusten dudana da inperfektua izaten ikasten ari naizela.  

Ospatuko duzue LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna?
I.E.: Lehen, Madrilgo edo Bartzelonako mobilizazioetara joaten ginen tarteka. Baina, gero, adin bat duzula, gauzak aldatu egiten dira eta azkenaldian ez dugu horretarako joerarik.
K.R.: Umeei, adibidez, ekainaren 28a heltzen den aldiro egun hori zer den azaltzen diegu. Beharbada oraindino ez diote garrantzirik emango, baina hemendik urte batzuetara bai, gizartean dauden beharrizanak ikusiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!