LGTBI FAMILIAK

“Durangon badira gurearen moduko familiak, nahiz eta bistakoa den gutxiengoa garela”

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 24a, 10:00

Iñaki Guridi Ormazabalek (Legazpi, 1979) eta Joseba Azkarraga Etxagibelek (Abadiño, 1972) hile bi eta erdi zituela adoptatu zuten Aritz semea. Durangon bizi dira. 

Noiz pasatu zineten bi izatetik hiru izatera?
Iñaki Guridi:
Aritz 2017ko udazkenean etorri zen gurera, hile bi eta erdi zituela. Bizkaiko Foru Aldundiaren adopzio programa baten bitartez etorri zen. Hori baino lehenago, lau bat urteko prozesu bat egin genuen.Ç
Joseba Azkarraga: Bai, ia lau urte egin genituen adopzio prozesuagaz. Ikastaro bat egin genuen, umearen hazkuntzaren bueltako hainbat kontu lantzeko: atxikimenduak, adopzio prozesuetan gertatu daitezkeen gorabeherak eta halakoak aztertu genituen. Zelanbait esateko, guraso karnetaren antzeko zeozer atera genuela esan daiteke. Gero, behin ikastaroa amaituta, telefono deiaren zain geratu ginen. 
I.G.: Behin ikastaroa eginda, umea jasotzeko txostena zabaltzen da. Hau da, dauden familia beharrizanen arabera, gizarte zerbitzuak egokitasun azterketak egiten joaten dira. Umea zein baldintzatan biziko litzatekeen aztertzen dute. Gure kasuan, egokitasun azterketa hori egiten hasi eta hiru hilabetera etorri zen telefono deia. Bariku batean deitu ziguten azterketa gainditu genuela esateko, eta hurrengo martitzenean umea izango genuela esateko. Prozesu horretan oso argi geratu zitzaidan ez dagoela guraso izateko eskubiderik. Umeek gurasoak izateko eskubidea da dagoena. 

Badago desberdintasunik LGTBI familia baten eta familia normatibo baten artean?
I.G.:  Ezetz esango nuke. Nik behintzat ez dut desberdinak bagina lez tratatu gaituzten sentipenik. Adopzio prozesuetako patroia, gehiengoa, bestea da, familia heterosexuala. Horrenbestez, administrazioan lan egiten dutenak ohituago daude tramite horiek egitera. Gurearen moduko kasuak gutxiago direnez, galdetu egin behar izaten dute, kontsultaren bat egin. Baina ez zait iruditzen kontrako jarrera deliberatu bat dagoenik. 
J.A.: Gizartea kontzeptu anitz eta konplexu modura aztertuta, segun eta zein azpikulturatan mugitzen zaren, izan ditzakezu erantzun lagunkoiagoak zein fobikoagoak. Durango batean, gure esperientziari dagokionez behintzat, ez da aparteko zailtasunik egon. 

Durango aipatu duzue. Zelakoa da LGTBI familiek Durangon duten ikusgaitasuna?
I.G.: Ume bat daukazun momentutik, kalean partekatzen dituzun espazioak beste edozein familiak partekatzen dituenak dira. Eta horrek automatikoki dakar ikusgaitasun bat. Batzuetan, bakarrik zaude umeagaz. Beste batzuetan, bikotekideagaz eta umeagaz. Naturalki ikusten den kontua da.
J.A.: Durangon badira gurearen moduko familiak, nahiz eta bistakoa den gutxiengoa garela. Dena dela, Aritzi ez diogu familia hau bakarrik eskaini. Beste hainbatekin partekatzen dugun zeozer ere bada. Gurearen moduko hautua egin duten beste familia batzuk lagunak ditugu, masa kritiko txiki-txiki bat sortzen joan gara, zelanbait esateko, eta horrek umeei erakusten die ez direla rara avis bat, haien familiak ez direla bakarrak. 

Izan ere, Aritzek honako hau esango du eskolan: "Nik aita bi ditut".
I.G.: Bai, halantxik esaten du. Txikitatik bizi izan du, naturaltasunez. Beharbada baten batek galdetuko zion ea ez ote duen aita-amarik. Baina ez zait iruditzen zailtasun bat denik berarentzat.
J.A.: Ikastolako ama batek behin esan zidana gogoratzen dut. Bere alabak galdetu zion ea nor zen Aritzen bigarren gurasoa. Bata aita bazen, ea nor ote zen bestea, osabaren bat edo. Amak berak azaldu zion alabari ezetz, Aritzek aita bi zituela. Hori gertatu eta gero, ama horrek esan zidan denon artean errelato kolektibo bat eraiki behar genukeela. Bakoitzak bere umeari kontakizun propioa eraiki barik, errelato kolektibo bat denon artean zelan eraiki genezakeen proposatu zidan. Oraindino ez dugu egin, baina oso proposamen ederra iruditu zitzaidan. Ikastolako irakasleek ere esan izan digute haientzat erronka bat dela aita-ama binarismotik kanpoko aukerak ahozko jardueran, ipuinetan zein halakoetan lantzea. Mugak badaude oraindino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!