LGTBI FAMILIAK

Sehaska elkarteak hamarkada bat baino gehiago darama LGTBI familien ikusgaitasuna lantzen

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 24a, 10:00

Euskal Herrian badago LGTBI familiek osaturiko elkarte bat. Sehaska du izena eta 45 bat bazkide ditu. Elkarteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten du, baina Nafarroako zein Kantabriako familiak ere hartzen ditu, leku horietan ez dago halakorik eta.

Esti Egidazu Ugaldea elorriarra da elkarteko presidentea: "Hezkuntza arloan eragiten dugu gehienbat. Gizartea zelan aldatu den eta indarra non egin beharko litzatekeen planteatzen dugu, denok berdintasun batera joan gaitezen. Gure helbururik politena elkartea desagertzea litzateke, gurearen moduko elkarte bat izateko beharrizanik ez egotea", azaldu du. Sehaska 2011n sortu zen, Bilboko Aldarte elkartearen eskutik. Gurasoei begirako egitasmoak, asteburu-pasak zein berbaldiak antolatzen dituzte, eta azpimarra berezia egiten dute umeengan. "Topaketa ludikoak egiten ditugu, inportantea delako umeek euren artean hartu-emanak izatea. Segun eta non bizi zaren, baliteke zure seme-alabek zurearen moduko beste familiarik ez ezagutzea. 'Nik baino ez daukat honelako familia?', galdetu diezaioke bere buruari. Umeak ikusi behar du berearen moduko familiak daudela, familia eredu anitzak daudela", azaldu du Egidazuk. 

Hain zuzen ere, LGTBI erreferenteak lantzera deitu du Egidazuk, "eskolara etxean ikasitakoa daramagulako". Alde horretatik, honako anekdota hau partekatu du: “Gure seme-alabei gertatu izan zaie eskolan ama bi dituztela esatea, eta lagunen batek hori ez dela posible erantzutea. Lagunak ez zioen hori modu diskriminatorio batean; kontua da ez zuela errealitate hori ezagutzen. Baina, jakina, seme-alaben nortasunaren arabera, egoera deserosoak sortu daitezke. Bullyinga sentitu daiteke. Eta, horrenbestez, horrelakoak landu behar ditugu”, dio. "Zer egin behar da gizartean familia aniztasuna lantzen joateko? Horixe da abiapuntua. Gizartea ez dago aniztasun horretan garatuta. Familia oso estereotipatuta dago. Gure komunitatea ere bai", gaineratu du Egidazuk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!