Durangoko duatloiak sprint modalitateko Euskadiko txapelak banatu ditu gaur arratsaldean. Emakumeetan Arrate Mintegui (Lea La Blanca taldea) izan da onena denbora honekin: 1.05.36. Diana Vecillas (Cafes Foronda) geratu da bigarren eta Miren Josune Bikuña (Sestao Triatloi Taldea) hirugarren.
Gizonetan Iker Ortiz de Zarate (Saltoki Trikideak), Aitor Regillaga (Amandarri) eta Aitor San Vicente (Alusigma) sailkatu dira lehenengo hiruretan. Irabazlearen denbora honako hau izan da: 54.44.
Beraz, Arrate Mintegui eta Iker Ortiz de Zarate dira aurtengo Euskadiko txapeldunak duatloien sprint modalitatean.
Gizonetan eskualdeko hainbat duatloilari nabarmendu dira. Alex Unzueta (Indarpak) seigarren izan da; Telmo Barrutia (Mugarra TT) zortzigarren; Eneko Gonzalez (MugarraTT) bederatzigarren eta Gorka Bizkarra (Cafes Foronda Dida Kirol) hamargarren.
Supersprint proba
Duatloi nagusiaren aurretik kadeteei eta jubenilei begirako supersprint modalitatekoa lehiatu dute. Nesketan Mugarra Triatloi Taldekoak izan dira lehenengo hirurak. Laida Hierro durangarrak irabazi du, Paule Miota durangarra geratu da bigarren eta Uxue Artiñano iurretarra hirugarren.
Mutiletan Aidan Garcia durangarra (MugarraTT) izan da onena eta gipuzkoar bi helmugaratu dira bere atzetik: Haritz Iturzaeta azpeitiarra bigarren (Azkoitia Triatloi Taldea) eta Aimar Oliden donostiarra hirugarren (Atletico San Sebastian).