Duatloia eta lasterketa herrikoia domeka honetan, Durangon

Anboto 2021ko ira. 30a, 13:46
2019an Durangon egindako duatloiko irudia.

Kadete eta gazteei begira, supersprint modalitateko proba ere antolatu dute aurten, lehenengoz

Durangoko duatloia hainbat nobedadegaz dator. Batetik, aurten sprint modalitateko proba ez ezik, supersprintekoa ere antolatu dute, lehenengoz. Bestetik, Mugarra Triatloi taldeak urtean zehar Durangon antolatzen dituen ekimen nagusi biak egun eta toki berean bateratu dituzte aurten, domeka honetan eta Ezkurdi plazan.

Gorka Uribeetxebarriaren Oroimenezko Durangoko XIII. Duatloia indartsu dator, Euskadiko Txapelketa ere izango da eta. Baina hori ez da nobedadea: 2019an eta aurreragoko beste hainbat alditan ere Durangon banatu dira txapelak. Berritasun nagusia supersprint modalitateko proba da. Sprint modalitatekoa baino laburragoa da eta kadete eta jubenil mailako gazteengaitik antolatu dute. "Euskal Herrian distantzia horretako lasterketa gutxi dago. Hemen, gazteak federatzen direnean, nagusiekin eta esprint distantzietan aritu behar dute eta ez da aproposena eurentzat. Ea apurka eurei begirako lasterketak gehitzen diren", adierazi du MugarraTT-ko Serafin Bereziartuak. Gaineratu du urteroko hitzordu bihurtu gura dutela. 

Beste nobedade bat da duatloia normalean martxoan egiten dela, baina aurten, pandemiak eraginda, urrira atzeratu dute, lasterketa herrikoia egiten den egunera, eta ekimen biak egun berean izango dira.

Supersprint distantziaren irteera 14:30ean izango da, eta sprint distantziarena, 16:30ean. 

Goizean proba herrikoia  

Goizean, gazte mailako duatloiak eta lasterketa herrikoia egingo dituzte. Azken hori 10:00etan hasiko da. 14 urtetik gorakoei bideratuta dago. Bizikletan Orozketarako joan-etorria egingo dute; beraz, edozein bizikletagaz egiteko moduko ibilbide eramangarria da. Gazteen duatloiak 11:30ean hasiko dira. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, Ezkurdin, 09:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!