Astelehenetik eremu gorrian dago Zornotza eta ostalaritza itxi dute. Harrezkero intzidentzia tasak gora egin du: astelehenean 570,24koa zen eta gaur 720,58koa da.
EAEn, 14.649 (PCRak eta antigenoak kontuan hartuta) proba egin ziren atzo, eta horietatik 735 positiboak izan ziren: 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 114 Araban. Gainontzeko positiboak, 14, EAEtik kanpo bizi diren pertsonenak dira.
Ospitaleetan, berriz, 50 lagun ingresatu zituzten atzo eta ZIUn 78 pertsona daude, atzo baino hiru gehiago.
Semaforoen sistema
Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik beherako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.