Zapatuan giza katea eta mosaikoa egingo dituzte Durangon, Iurdan Martitegi euskal presoa isolamendu egoeratik ateratzea eskatzeko

Joseba Derteano 2020ko aza. 19a, 09:05

Azkenaldian isolamendu moduloetan zeuden hainbat euskal preso politiko egoera horretatik atera dituzte. Mugimendu horien ondoren, Iurdan Martitegi durangarra da gaur egun isolatuta jarraitzen duen euskal preso politiko bakarra. Ildo horretatik, egoera hori amaitzea eskatuko duen ekimena prestatu du Durangoko Sarek zapaturako.

Eguerdian, 12:00etan, Ezkurdi eta udaletxeko plaza giza kate baten bitartez lotuko dituzte. Ondoren, mosaiko bat osatuko dute, distantziak mantenduz. Preso durangarrari gutunak idazteko aukera ere eskainiko dute, baina gutunak etxetik idatzita eramateko eskatu dute antolatzaileek, jende pilaketak ekiditeko.

Martitegi uztailean espainiaratu zuten, Frantziatik, eta lehenengo unetik isolatuta egon da Soto del Realgo kartzelan, Madrilen. Une honetan, Martitegiren moduloan bera dago bakarrik; ez dago beste presorik gune hartan. Gainera, isolamenduaren ondorioz, patio orduak eta komunikazioa murriztuta ditu eta ezin du kartzelako ekintzetan parte hartu, besteak beste.

Gerturatu dituztenak
Bestalde, Durangaldeko hainbat preso gerturatu edo Euskal Herriratu egin dituzte azken hileetan. Ekainean jakin zen Gorka Lupiañez durangarra Salamancatik Logroñoko espetxera hurreratuko zutela. Espetxe horretara bertara lekualdatuko dituzte Itziar Alberdi durangarra eta haren bikotekide Josu Narbaez ere. Biak Madrilgo Estremera kartzelan egon dira. Aitzol Maurtua atxondarra Huelvatik Palentziara gerturatuko dute, eta, azkenik, Oier Andueza durangarra Euskal Herriratu egingo dute: Murtziatik Basauriko kartzelara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!