Aurten 'Jairik ez' Durangon

Aurten elkar zaintza, hurrengo batean jaia

Anboto 2020ko urr. 9a, 09:30

"Aurten ez da jairik egitea tokatzen".  Sei berba sinple dira, baina ez dute dudatarako tarterik uzten. Ima Garrastatxu alkateak modu argian errepikatu ditu asteon. Errime. Behin eta berriro. Eta badaezpada, baten batek oraindino festarako unea dela uste badu. "Data seinalatu hauetan durangarren laguntza behar dugu orain arte egindako lana ez hondatzeko; gure familien eta auzokideen osasun eta ekonomiaren etorkizuna jokoan dago", adierazi du asteon.

Durangoko Udalak ekainean hartu zuen jairik ez ospatzeko erabakia. Euskal Herriko beste hainbat tokitan birusak izandako agerraldiak kontuan hartuta hartu zuten erabakia. Ordutik hona egin du euria, baina koronabirusak ez du alde egin eta agerraldiek bere horretan jarraitzen dute, herri batean ez bada, bestean. Baina erabaki hori ez da bakarrik ailegatu. Jai Batzordeak, Txosna Batzordeak eta Alde Zaharreko tabernarien elkarteak indarrak batu dituzte orduan hartutako erabaki hura data hauetan bete dadin. Alde horretatik, eragile guztiek izandako konpromisoa goretsi du Garrastatxuk: “Eskerrak eman gura dizkiet Jai Batzordeko kide guztiei eta elkarte denei. Erabaki mingarria da, eta, hala ere, lanean jarraitu dute, jairik egongo ez dela kontziente, hori horrela dela betetzeko”.

Protokoloa, prest
Jairik egongo ez dela jakina den arren, udalak protokolo berezi bat diseinatu du balizko jende pilaketak gertatuko balira. Ez dute Durango ixtea baztertzen, osasun publikoa bermatzeak hala eskatuko balu. “Durango itxiko dugu osasun publikoa arriskuan dagoela ikusten badugu”, esan du asteon Julian Rios alkateordeak. Durangok 11 sarrera ditu errepidez, eta udalak horietariko 9 zarratuko lituzke beharrezkoa balitz. Erabaki hori hartzeko, nahikoa litzateke lau egoera hipotetiko hauetariko bat betetzea: Bat: garraio publikoan jende asko heltzen ari dela ikustea. Bi: herriko hainbat puntutan jende pilaketak egotea. Hiru: ohi baino bisitari eta trafiko gehiago dagoela sumatzea. Aparkalekuak betetzen ari direla antzematea. Eta lau: kale-zurruta edo botiloia egiteko planen berri jakitea.

Protokoloak beste hainbat neurri barnebiltzen ditu. Ertzaintzak Durangoko kanpoaldeak patruilatuko ditu kale-zurrutak ekiditeko. Eta udaltzainek erdigunea kontrolatuko dute osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko. Udalak 450 kartel informatibo banatuko ditu ostalaritzan, osasun neurriak gogorarazteko. Bestalde, Bizkaibusek ez du geldialdirik egingo Durangon 22:00etatik aurrera.

Protokoloa bariku honetatik datorren martitzenera arte eta hurrengo asteburuko barikuan eta zapatuan egongo da indarrean.

Laster arte bat
Txosna Batzordeak egitarau bat eskaintzeko asmoa zuen, baina osasun krisialdiak hala behartuta, ezinezkoa izan zaio "egitaraua garatzeko beharrezkoa den txosnagune seguru eta osasuntsu bat antolatzea". Baina etsipenean jausi barik, herri mugimenduko kideak aurrera begira ipini dira. "Eskerrak eman gura dizkiegu egitarau honetan parte hartzeko prest agertu diren musika talde zein kulturgileei. Zailtasunak zailtasun, aurrerantzean ere bidelagun izango gaituzue", esan dute. "Etorriko dira sasoi hobeak eta berriro ere txosnagunean elkartuko garelakoan gaude", esan du Txosna Batzordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!