Aurten 'Jairik ez' Durangon

“Parean dugun egoera zein den kontuan hartuta, ez dago erabaki gogorrik”

Anboto 2020ko urr. 9a, 09:30

Rai Bikandik hamar bat urte daramatza Jai Batzordean buru-belarri sartuta. Jaia gogotik egin du, berdin antolakuntzan edo gozamen hutsean ibilita. Zentzuzkoa deritzo jairik ez egiteari.

Jaia egin gura eta ezin. Aurten jairik egingo ez dela barneratzea gogorra egin da?
Parean daukagun egoera zein den kontuan hartuta, ez dago erabaki gogorrik. Hasieran zalantzak zeuden. Jaiak egin ala ez egin. Baina kontuan hartu azken egun hauetan hainbat kutsatze berri egon direla Durangon, eta jaietako egunak ailegatu ahala goranzko joera moduko bat egon dela.

Herritarrei arduraz jokatzeko deia egin diezue.
Bai. Begira zer gertatu zen Gernikan. Begira zer gertatu den Gipuzkoako beste hainbat herritan. Ardura poliziaren edo errepresioaren esku utzi beharrean, herritarren esku uztea hobe delakoan nago. Arduraz eta elkartasunez jokatzea dagokigu. Ostalariekin batez ere. Tabernetan agerraldi bat izango ote duten beldurra dute batetik. Eta isunak jasoko duten beldurra bestetik.

Zer esango zenioke, tamaina txikian bada ere jaitxoren bat egitea pentsatzen ari denari?
Prebentzioagaitik bada ere, ez dezala egin. Festa egiteko, gero ere egongo da nahikoa denbora. Jai txiki batek beste jai batera deitu ohi du, eta orain sei jaizale batzen diren tokian 40 batek amaitu dezakete. Ez egin. Eta, egitekotan, osasun neurriak ezinbestean bete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!