Aurten 'Jairik ez' Durangon

“Erabakiak errespetatzea eskatzen dugu, herriarengan pentsatuta hartu dira eta”

Anboto 2020ko urr. 9a, 09:30

Prestaturiko egitaraua gune "seguru eta osasuntsu" batean garatzeko zailtasunen ondorioz, Txosna Batzordeak bertan behar utzi du bere egitaraua. ANBOTOk Maialen Bildosolagaz hitz egin du.

Zelakoa izan da erabakia hartzeko prozesua?
Ekainera arte, betiko antzera egon ginen egitaraua prestatzeko lanetan, etxean konfinatuta geunden arren. Egitarau bat prestatzen ari ginen, jaiak normalak izango balira legez, txosnak egongo balira legez. Udalak San Faustoak bertan behera uztea erabaki zuenean, egitarau alternatibo bati eustea erabaki genuen, txosnagunerik barik, udalak utzitako espazio batean. Gero ikusi genuen ekintza batzuetan gatxa izango zela osasun eta segurtasun neurriak bermatzea. Hasieratik egitarau osoari eustea edo ezer ez egitea zen gure asmoa. Eta egoera horretara helduta, egitaraua bertan behera uzteko erabakia hartzea oso gatx egin zitzaigun.

Txosnarik ez egoteak zer suposatuko dizue Txosna Batzordea osatzen duzuen elkarteei?
Txosnak diru iturri garrantzitsua dira herri mugimenduko elkarteentzat. Beraz, urtero egon ohi den diru sarrera bat ez da egongo, eta horrek zailtasunak ekarriko dizkigu eragileoi.

Baduzu mezurik durangarrentzat?
Ez dakigu datorren urtean jairik egongo den ala ez, baina aurten elkar zaintzea dagokigu. Erabakiak errespetatzea eskatzen dugu, herriarengan pentsatuta hartu dira eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!