Durangoko boluntarioen sareak ia 290 herritar lagundu ditu

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 19a, 12:31

Durangoko Udalak laguntza sarearen  balantzea egin du gaur eta adierazi du "harro" dagoela boluntarioen "ondoan lan egin ahal izateaz". Laguntza sareak indarrean jarraituko du "behar gehiago egon" bitartean.

Osasun larrialdia hasi eta gutxira, Durangoko Udalak laguntza sarea sortu zuten herriko eragileekin eta boluntarioekin. Orain arteko ibilbidearen balantzea egin dute gaur eta "harro" daude egindako bideagaz. "Guretzat oso pozgarria da boluntarioek erakutsi duten prestutasun handia ikustea, gehien behar zuten pertsonekiko hurbiltasuna eta konpromisoa erakutsiz. Beste behin ere, harro sentitzen gara haien ondoan lan egin ahal izateaz", azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. Elkarlan hori seinalatu dute aurrerantzean "jarraitu beharreko bide" modura. 

287 durangarri eskainitako laguntza

Udalak orain arteko ibilbidea islatzen duten zifra batzuk jakinarazi ditu:

  • 22 boluntariok botikak banatu dituzte 133 etxetan, Gurutze Gorriagaz batera.
  • 10 boluntariok adinekoen 43 etxebizitzatara bidali zuten adinekoen zentroan erorikoen prebentziorako egiten ari ziren ikastaroarekin jarraitzeko dokumentazioa, baita konfinamendu-egoera hobeto eramateko jarraibideak ere.
  • 3 boluntariok irakurketa errazeko jarduerarako materialak helarazi dituzte 15 etxetara.
  • 3 boluntario arduratu dira Zaindu programan (mendeko senideen zaintzan) dauden 18 etxebizitzatara dokumentazioa eramateaz.

Laguntza sareak indarrean jarraituko du "behar gehiago egon" bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!