“Konfiantza molde berriak sortu dira lagun, kuadrilla eta familiatik kanpora komunitate zabalago baten parte bihurtuz”

Aritz Maldonado 2020ko api. 10a, 09:15

Durangaldeko beste herri batzuetan legez, Durangon ere eratu da etxetik irten ezin duten pertsonei laguntzeko zaintza sarea. Udalagaz eta Gurutze Gorriagaz batera koordinatzen da. Iratxe Delgado eta Miren Erdoiza durangarrak taldeko partaide dira.

Zergaitik eman zenuten izena boluntario sarean?
Iratxe Delgado Arribas:
Herritar modura ardura bat sentitzen genuelako. Nabarmena da zaurgarriak diren pertsonak zaintzeko premia, eta, komunitatearen parte garen heinean, uste dugu erantzukizunez jokatu behar dugula. Konturatu gara guretzat bereziki nekeza ez den zerbait (erosketak egitea, botikak eramatea) oso garrantzitsua izan daitekeela beste batzuentzat.

Zergaitik da hain garrantzitsua zaintza une honetan?
Miren Erdoiza Mujika:
Elkarzaintza beti da garrantzitsua, izaki sozialak garelako eta beharrizana komunitatean asetzen dugulako. Covid-19ak eta konfinamenduak agerian utzi du beharrizan hau. Herria komunitate modura ulertzen dugun heinean, nabaria den zerbaitegaz ohartzen gara: kolektibitateak dakarren aniztasunaz. Durango herri anitza da eta gertakari honen datuek diote ehunka bizilagun konfinatuta daudela etxean, lehenengo mailakoak diren premiak asetu ezinda. Beraz, beste horrenbeste herritar beharko genituzke gutxienez, defendatzen dugun bizitza duina ziurtatzeko.

Zelakoa izan da herritarren harrera? Zelako beharrizanak edo dudak agertu dituzte?
I.D.A.:
Orokorrean harrera ona izan duela uste dugu. Alde batetik, bistakoa da parte-hartzea handia izan dela, izan ere, ordu gutxitan ehunka pertsonek parte hartu zuten. Beste alde batetik, langileak (Gurutze Gorrikoak, farmazialariak...) kalitatezko zerbitzua eskaintzeko indarra ipintzen ari dira, eta etxean daudenengandik esker oneko berbak baino ez ditugu jaso. Iruditzen zaigu jakitun direla dinamikaren funtzionamenduaren inguruan, ez digute galdera askorik egin eta. Galdetu diegunean zerbait behar ote zuten, eskerrak baino ez dizkigute eman.

Horrez gainera, zaintza sareko sare sozialen bitartez esker mezuak jaso ditugu, baita proposamenak eta laguntzeko prestutasuna erakusten zituzten mezuak ere: konfinamenduaren eguneroko erraldoi bat egiteko proposamena, edo lan eremuan informazio juridikoa emateko prest zegoen pertsona baten mezua, besteak beste.

Aurrera begira, sare hauen lanak arrastoa utziko duela uste duzue?
M.E.M.:
Hori gura genuke. Alde batetik, elkartasunean eta elkarzaintzan oinarritutako nortasun kolektibo indartsu bat eraikitzen lagunduko du. Bestalde, gure beharrizan eta nahiak asetze aldera,  herri antolatuago bat sortzen. Guk zaintza sare modura antolatu dugunak baino gehiago, auzo eta atari askotan izan diren keinuek, eta antolatzen ari diren jolas, kantaldi eta abarrek utziko dute arrastoa. Konfiantza molde berriak sortu dira, lagun, kuadrilla eta familiatik kanpora komunitate zabalago baten parte bihurtuz. Durangoren kasuan gainera, uste dugu udalaren eta herritarren arteko elkarlan esperientzia interesgarri bat izango dela, aurrera begira bestelako eremu batzuetara zabaldu litekeena.

Krisia ekonomikoa ere izango dela aurreikusten da. Hau elkarregaz bizita, jendarteak indartuta irtengo duela uste duzue?
I.D.A.:
Hori gura genuke. Horregaitik, beharrezkoa da zaintza sareetan antolatzea. Horixe da oinarrizko ideia: pandemia honi elkarregaz aurre egitea; eliteen interes ekonomikoen gainetik, pertsonen bizitzei emanda garrantzia, eta horretarako baliabideak herritarren mesedetan ipinita, inor atzean utzi barik. Ideia eta jarrera horrek krisi ekonomikoari aurre egiteko ere balio digu.

Covid-19aren krisiak pertsona askoren bizi baldintzetan eragingo du. Batez ere, gaitza amaitutakoan: askok enplegua galduko dute, beste batzuek ezingo dituzte fakturak edo alokairua ordaindu... Auzia ez da makala, baina argi dugu bakoitzak dagokion lekutik erantzun beharko diola krisiari: badaukanak emanez eta ez daukanak jasoz.

Zer egin behar dute zaintza sarean laguntza eskaini gura dutenek? Eta laguntza behar dutenek?
M.E.M.:
Sarean  languntza eskaini edo eskatzeko, 638 102 424 telefono zenbakia (9:00etatik 21:00etara) eta durangoauzolana@gmail.com helbidea erabili daitezke. Bestetik, zaintza sareagaz bestelako egitasmoetan parte hartzeko edo egitasmo berriak proposatzeko, elkarzainduz@gmail.com helbidea erabilita edo Instagram eta Facebook kontuen bitartez ipini daiteke  hartu-emanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!