#0km

[ARGAZKIAK] Durangoko tabernetan giroa animatzen ari da goiza aurrera joan ahala

Joseba Derteano 2020ko mai. 11a, 15:54

Goizeko lehenengo orduan baino beteago daude terrazak 11:00 inguruan.

Segurtasun neurriak jarraituz, Durangoko hainbat tabernek ateak irekitzea erabaki dute gaur. Urrats, Kaixo, Bitaño eta Zero tabernak dira euretako batzuk. Beste ostalari batzuek, aldiz, momentuz ez zabaltzea eta itxarotea erabakia dute.

Goizean goiz baino jende gehiago ikusi daiteke orain (11:00) terrazetan. Giroa animatzen joan da apurka-apurka. Banaka zein taldeka, terrazetako mahai dezente beteta daude. 

"Gaur lehenengo eguna da eta nik uste denok ere kontua zelan joango den zain gaudela", azaldu du Kaixo tabernako Aroa Nodar-ek. Lehenengo orduan "eramateko kafea eskatu dute askok, lanera bidean", azaldu du eta, oro har, jendea tabernetara joateko "gogoz" somatu du. 

Zabalduta dauden taberna gehienetan barran bertan hartzen dituzte eskaerak. Beste batzuetan, Bitaño tabernan kasu, sarrerako atean eskatu behar da. "Momentuz giro ona dago eta ikusiko dugu hurrengo orduetan eta egunetan kontua zelan doan", adierazi du Bitañoko Adnan Ahmed-ek. Jendea "errespetuz" jokatzen ari dela azpimarratu gura izan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!