#0km

Taberna zabaldu ala ez zabaldu: horra hor gakoa

Anboto 2020ko mai. 10a, 19:22

Artxiboko irudia.

Ostalariek kezkaz bizi dute terrazen irekiera. Eskualdeko hainbat tabernariren iritziak jaso ditu ANBOTOk. 

Lehenengo fasera pasata, tabernariek terrazak zabaldu ahal izango dituzte bihartik aurrera. Denbora askoan itxaroten egon diren momentua izan arren, ostalariek kezkaz bizi dute irekiera. Taberna zabaldu ala ez zabaldu: horra hor gakoa. Tabernari askok zarratuta mantentzeko hautua egin dute.

Durangoko Napozt eta Ai Ama tabernen jabeek ez zabaltzeko erabakia hartu dute. Mikel Lupiañez jabeetako batek dioenez, ostalaritzak hiru arlotan ditu erronkak: osasunari dagokiona, arlo ekonomikoa eta laborala. "Osasun arloan hartu beharreko neurrien jakitun gara, zein eraginkortasun duten argi ez badugu ere". Zarratuta mantentzeko arrazoiak arlo ekonomikotik eta laboraletik arrazoitu ditu Lupiañezek. "Eskatzen zaizkigun bete beharreko neurriak betetzeko itxialdiaren aurretik geunden lantalde berdina edo gehiago beharko genuke. Bezeroak ostera, terrazaren %50 izango dira, hau da taberna osoaren %25". Baldintza horietan hornitzaileetatik hasi eta langileetaraino,  "prezioen jaitsiera  eta lan baldintzen okertzea" ekarriko lukeela uste du Napozt eta Ai Amako jabeak. "Egoera honetan uste dugu zintzoena apur bat itxarotea dela", gaineratu du ostalariak.

Elorrioko Parra Tabernako Txaber Igarzak ere ez zabaltzea erabaki du. Planteamenduarekin ez daudela ados dio Igarzak. "Kontutan eduki behar da Euskal Herriko taberna gehienek ez daukatela terrazarik, eta gure ustez denok batera joan beharko genuke. Bizkaiko ostalaritzatik protesta moduan heldu zaigu kartel bat, eta bertara atxikitzea erabaki dugu. Guk horrela ez dugu Parra zabalduko". Hala ere, zabaltzeko erabakia hartu duten tabernen egoera ulertzen du elorriarrak. "Badaude taberna batzuk bai edo bai zabaldu behar dutenak, oso estu daudelako, bestela itxi egin beharko dute eta". Elorrioko Udalari terrazak jartzeko edo hauek handitzeko eman dituen erraztasunengatik eskerrak eman dizkio Igarzak. 

Zabaltzeko prest

Beste tabernari batzuk ostera, negozioa zabalduko dute bihar. Urduritasunez bizi du Lorena Porras Iurretako Gauargi tabernako jabeak. "Ez dugu izan oso argi zabaltzea. Hain leku gutxi izango dugu zabaltzeko! Ez dakigu dirua irabazi edo galdu egingo dugun, baina proba egingo dugu. Bi hilabete daramazagu diru-sarrera barik", dio iurretarrak.

Durangoko Askatasun etorbidean dagoen Herria tabernaren kasuan, zabaltzea erabaki dute. Angi Uriak dioenez, " 27 urte daramatzagu hemen, eta ematen du zerotik hasten ari garela". Diru aldetik agian ez du mereziko zabaltzea, baina pentsatu dugu denok egin behar dugula zerbait normaltasunera itzultzeko", azaldu du Herria tabernako arduradunak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!