Eguzkitik irtenda lurrera heltzen ari den argi izpiari zelako bidaia izan duen galdetuz gero, erantzungo du estresik bako zortzi minutu izan direla, ez duela apenas trafikorik aurkitu 150 milioi kilometrotan, zuzen-zuzen bidaiatu ahal izan duela eta aurreikusitako orduan heldu dela, 300.000 kilometro/segundoko abiaduran mugituz. Baina lurreko atmosferara heltzeaz batera akabo argi izpiaren lasaitasuna! Dentsitate eta konposizio askotariko materiaz beteta, trafiko handia dago lurrean eta horra moldatu beste erremediorik ez zaio geratzen.
Islapena eta errefrakzioa dira argi izpiak parez pare aurkituko dituen fenomenoetako bi. Ingurune batetik bestera igarotzerakoan, esaterako, airetik uretara, argi izpi batzuk errefraktatu egingo dira, hau da, norabidean eta abiaduran aldaketa bat jasango dute. Arkatz bat baso bete uretan sartzen denean garbi ikusten da fenomeno hori. Beste izpi batzuk, ordea, islatu egingo dira, hau da uretara sartu beharrean berriro airerantz bideratuko dira, angelu jakin batean. Argi izpi horiei esker ikusten dugu gure burua ur putzu baten aurrean jartzen garenean.
Naia Presnok fenomeno hauek azaltzen ditu etxean egindako esperimentuan urez betetako edukiontzia eta laser bat erabiliz.