Esperimentuak etxean: Coulomb-en Legea eta… maitasunaren formula?

Joseba Derteano 2020ko api. 27a, 17:00

Bikoteen arteko harremanetan zaila da jakitea egia den ala ez, baina fisikan, karga desberdinak dituzten gorputzek elkar erakartzen dute, Leire Diez Jesuitak ikastetxeko ikasleak egindako esperimentuak erakusten duen moduan. Zientzia denborapasa moduan hartuta, hainbat ikaslek esperimentuak egin dituzte etxean. 

“Ai, maitasunaren sekretua ekuazio bat garatzea bezain erraza balitz!”, pentsatuko du batek baino gehiagok eta ez zaio arrazoirik falta. Baina ez pentsa naturak gordetzen dituen misterioak ulertzeko bidea ere erraza izan denik. “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”, esan zuen behin Isaac Newton-ek bere aurrekoen lana balorean jartzeko eta ondo laburbiltzen du zientziaren garapena mendeetan zehar.

Esaterako, orain badakigu fenomeno elektrikoak eta magnetikoak, txanpon beraren alde biak direla: indar elektromagnetikoa. Baina beti ez da horrela izan. Jakintza orokor horretara heldu aurretik, urrats txiki, baina garrantzitsu asko eman ziren. Charles-Agustin Coulomb-ek, adibidez, elektrostatikaren oinarriak ezarri zituen, bere izena daraman legearen bidez. Karga elektrikoen ikuspuntutik, gorputzek elkarri zelan eragiten dioten aztertzen du elektrostatikak. Labur esanda, zeinu berdineko karga duten gorputzek elkar aldaratzera joko dute; aitzitik, zeinu desberdineko kargaz osatuta daudenek elkar erakarriko dute.

Leire Diez ikasleak fenomeno hori erakusten du bere esperimentuan, oso modu ulerterrazean eta ohiko materialeak erabiliz. Bukaeran Coulomb-en Legerari lotutako ekuazioa azaltzen du. Ekuazio hori maitasunera estrapolatzeko gai dena, presta dadila Nobel saria jasotzeko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!