Lupa bati buruz pentsatzean, Sherlock Holmes etorriko zaie askori burura. Historiako detektiberik ezagunenak sarritan erabili zuen lupa bere kasuetan, baina sekula ez zituen argitu eskuartean zerabilen objektu horrek bere barruan gordetzen zituen misterioak. Gaur egun bizi balitz, Berrojalbizek bere esperimentua erakutsi eta esplikatuko zion lupa lente konbergente batez osatua dagoela -ertzetan baino zabalagoa da erdian- eta, horren ondorioz, objektutik lentera paraleloan heltzen diren argi izpiak errefraktatu egiten dituela, hau da, norabidea aldatzen diela, baina ez edozelan, baizik barrurantza, puntu konkretu batera bideratuz. Eta azalduko zion, baita, objektuak handiago ikusteko ez dela nahikoa argi izpiei aldrebeskeriak egitea, baizik geuk ere geure aldetik zertxobait jarri behar dugula, objektuaren, luparen eta gure begien arteko distantziekin jokatuz. Eta, azkenik, logika zientifikoa aplikatuz, lupa objektura hurreratzeko gomendatuko zion, handiago ikusi nahi baldin bazuen.