Munduko azpitxapeldun geratu den Asier Agirre omendu du Durangoko Udalak

Joseba Derteano 2019ko urr. 24a, 18:08

Ezkerretik hasita: Julian Rios alkateordea, Asier Agirre atleta eta Ima Garrastatxu alkatea gaur udaletxean egindako ekitaldian.

"Ohorea da Durangok zure moduko korrikalari bat izatea", adierazi du Ima Garrastatxu alkateak.

Txikitan geldirik egon ezin zuen ume horietakoa zen Asier Agirre eta gurasoek atletismora bideratu zuten zortzi urterekin, barruko grina horri irteera emateko. 22 urte geroago munduko korrikalaririk onenetakoa bihurtu da. Joan zen asteburuan, munduko azpitxapeldun geratu zen 5.000 metroetan, Brisbanen (Australia) lehiatuko INAS Munduko Txapelketan.

Gaur Durangoko udal agintariek harrera egin diote udaletxean, bere lorpena aitortzeko. Agirrek lore sorta bat eta Mikeldiko txerria irudikatzen duen oroigarria jaso ditu Ima Garrastatxu alkatearen eta Julian Rios alkateordearen eskutik. "Ohorea da Durangok zure moduko korrikalari bat izatea", adierazi du Garrastatxu alkateak. Riosek ere balorean jarri du Agirreren lana.

"Domina nire amonari eskaintzen diot"

Durangoko Udalean egin dioten harrera "ohore" moduan hartu du Agirrek eta bere amonari eskaini dio zilarrezko domina. "Orain sei urte hil zen, urriaren 18an, hain justu azpitxapeldun geratu nintzen egun berdinean. Helmuga zeharkatu bezain laster berarekin oroitu nintzen eta gaur ere bai. Domina nire amonari eskaintzen diot", adierazi du korrikalari durangarrak.

Lorpenek ez dutela itsutuko adierazi du: "Ni bihar gaurko ilusio berdinarekin eta umiltasunez joango naiz atletismo pistara entrenatzera".

Atleta gutxik dute Asier Agirreren palmaresa. Apirilean, munduko kros txapelketan, urrezko domina irabazi zuen taldeka kros luzean eta zilarrezkoa kros laburrean. Iazo urrian Europako txapeldun geratu zen kros luzean.

Asier Agirre Munduko txapelketan irabazitako zilarrezko dominarekin:

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!