“Urtea zelan hasi nuen kontuan hartuta, goi-goian amaitzea sinestezina da”

Anboto 2018ko abe. 7a, 10:30

Asier Agirre durangarrak kasta handiko atleta dela erakutsi du aurten. Lesio batek buruko min handiak eman zizkion hainbat hilabetetan, baina zulotik irten eta goi-goian amaitu du denboraldia. Italian lehiatutako INAS Europako kros txapelketan brontzezko domina irabazi du kros laburrean, eta urrezkoa kros luzean.

Espero zenuen dominen borrokan ibiltzea?
Kros luzeko urrezko domina sorpresa handia izan zen. Ez nuen espero. Bezperan, ondo estutu nuen gorputza kros laburrean brontzea irabazteko, eta horrek eragina izango zuela uste nuen, baina, egia esanda, oso ondo ikusi nuen neure burua. Lasterketa arina izan zen. Frantziar bategaz lehiatu nuen urrezko domina. Berak erritmo aldaketak egiten zituen. Une batean atzean geratzen zen eta handik zati batera aurreratu egiten ninduen. Ematen zuen ni lehertu nahian zebilela. Helmugatik 500 bat metrora harrapatu eta atzean utzi nuen. Azken metroetan, neukan dena eman nuen, alboetara begiratu barik.

Domina bi hauei beste bat gehitu behar zaie: uztaileko aire libreko Europako txapelketan 10.000 metrotan irabazitako zilarra. Eskatu daiteke gehiago?
Denboraldia zelan hasi nuen kontuan hartuta, ezin dezaket gehiago eskatu. Urte konplikatua izan da. Urteari ez nion sasoiko ekin eta, gainera, ondoren lesio txar bat izan nuen belaunean. Asko kostatu zitzaidan errekuperatzea. Uztailean irabazitako zilarrezko dominatik aurrera, gora egin dut.  Mugarri moduko bat izan zen niretzat. Urte hasiera zelan joan zen ikusita, denboraldia goi-goian amaitzea sinestezina da.

Oraintsu Durango Kirol Taldera batu zara.
Bai, denboratxoa zeramaten nire atzetik eta, azkenean, batzea erabaki dut. Orain bi-hiru aste, Asturiasko lasterketa batean debutatu nuen eurekin. Gustura nago eta ezin dezaket gehiago eskatu.

Hurrengo urtean, zer itxaron dezakegu zugandik?
2019ko lehenengo hitzordu nagusia otsailaren hasieran Santanderren izango den Espainiako kros txapelketa izango da. Horren ostean, Poloniako munduko txapelketa etorriko da, apirilean. Lesiorik ez badut, horietan aritzea gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!