Sentikortasun kimikoa dutenentzat egokiak diren garbiketa produktuak probatuko ditu Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2019ko api. 30a, 10:56

Eva Maria Hazas durangarrak sentikortasun kimiko anizkoitza dauka. Bere ingurukoek sortu dute SFC- SQM Euskadi-AESEC elkartea.

Bizenta Mogel bibliotekan eta Landako II kiroldegian egingo dituzte probak maiatzean zehar, udalak prentsa ohar bidez informatu duenez. Probak ondo joanez gero, mota horretako produktuak erabiltzen dituen erkidegoko eta estatuko lehen udala izango da Durangokoa. SFC- SQM Euskadi-AESEC elkarteak eskatutako neurri bat da, eta Herriaren Eskubideak sustatutako mozio bati esker onartutakoa.

"Sentikortasun kimiko anizkoitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin" hasiko du egitasmoa udalak. Lurrak, kristalak eta komunak garbitzeko produktuak izango dira erabiliko direnak. Emaitza onak emanez gero, zerbitzua lehiara aterako du udalak, era iraunkorrean garatu ahal izateko. Zorua leuntzeko mota horretako produkturik ez dago merkatuan eta, kasu horretan, garbiketa ohiko produktuekin zein egunetan egingo den abisu ematea baloratzen dabil udala, sentikorrak direnak jakinaren gainean egoteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!