Eguenean aurkeztu zenuten elkartea. Bertan azaldu zenuen Eva Maria ezingo zela joan, gaixotzeko arriskuagatik. Zerk egiten dio kalte?
Arnasbideetatik, azaletik zein elikagaien bidez sartzen zaizkigun osagai kimiko guztiek eragiten diote: lurrinek, arropa leungarriek, desodoranteek, aire kutsadurak... Aire txarra dagoen egunetan, leihoak zabaldu ere ezin ditugu egin etxean. Produktu ekologikoak erosi behar izaten ditugu jateko, eta usainik bako produktuak garbiketarako. Bestalde, kutsadura elektromagnetikoak ere kalte egiten dio: wifiak, mugikorrek, mikrouhin labeak, telefonia antenek... Etxean dena zainduta daukagu, eta bisitan etortzen direnek asepsia eginda izaten dute [arropa eta gorputza produktu bereziekin garbitzen dute, mikrobioak kentzeko]. Krisiren bat edukitzen badu, hanketan igartzen du, ahotsean, sistema kognitiboan... Egun batzuk ohean daramatza, aurkezpenerako egin zuen bideoa grabatzearren. Esfortzua horrela ordaintzen du.
Noiz hasi zen gaixotzen?
Berak uste du betidanik eduki dituela sintomak, baina ez zekien zer gertatzen zitzaion. Kolikoak izaten zituen sarri, eta 2000. urtetik aurrera txarrera egin zuen, oso txarto egoteraino. Egunean 3 ordu min itzelekin pasatu zitzakeen, eta zer zeukan ez jakiteak estutasun handia sortzen zion. Interneten bilaka hasi, eta histaminosiari buruz irakurri zuen; gorputzak duen substantzia bat da histamina, hainbat arlotan oreka ematen duena. Sevillako zentro batean konfirmatu zioten histaminosia zeukala. Elikagai batzuk kendu eta asko hobetu zen. Baina histaminosiak beste gaixotasun batzuk estali zituen ordura arte. 2014tik aurrera, sentsibilitate kimikoa indar gehiagoz hasi zitzaion erasaten, eta geroxeago, elektromagnetikoa. 2015ean Bartzelonako Sola medikuarengana heldu, eta gai kimikoei sentikortasuna, hiperelektrosentikortasuna eta fibromialgia diagnostikatu zizkion, maila ertain batean kokatuta. Ordurako, ezin zen lanera joan, eta gaixotasunak txarrera egiten jarraitu du gaur arte. Esposizio bakoitza gorputzean geratzen da, metatu egiten da, horixe da gaixotasun hauek duten alderik txarrena. Hiru urte hauetan lan handia egin du informazioa bilatzen, elkarteekin kontaktuan jartzen, eta ordutik txarrera egin du.
Zuen lagunak oso inplikatuta daude. Ez zaudete bakarrik.
Egia esateko, zorte handia eduki dugu. Ez gara bakarrik geratu, eta hori funtsezkoa da. Elkartea osatzen hasterakoan, Albertogaz eta Natxogaz berba egin genuen, adibidez. Izan ere, gaixoak gaixorik daude eta konplikatua da eurek lanera batzea. Lagun hauek lehenagotik zeuden gugaz. Eva Mariagaz egoteko zer egin behar zen galdetu zidaten, eta bisita egiteko prestatzen dira, ume eta guzti. Alberto eta Natxo oso inplikatuta daude elkarteko zuzendaritzan, eta beste batzuk ere, etorri ez arren, inplikatuta daude. Eva Mariak esaten duen lez, zortea eduki dugu hain lagun onak izanda; horrelako une kritikoetan ikusten duzu benetan laguntzeko prest dagoen jendea. Babes talde handia da guretzat, bihotzean daramaguna. Eva Mariak ikaragarri maite ditu. Familiaren kasuan ere berdin, ondo ulertu dute eta beharrezko aldaketak egin dituzte bisitan etorri ahal izateko. Hau guztia ez da ohikoa; jendea bakartzea da ohikoa. Gaixoa ezin da taberna batera joan, zinera... eta jende bat urrundu egiten da. Batzuek ez dute sinesten gaixotasunak benetakoak direnik. Bakartze horrek buruaz beste egiteko joera dakar sarritan.
"Aire txarra dagoen egunetan
leihoak zabaldu ere ezin ditugu egin etxean"
Zelakoa da elkarbizitza inguruko bizilagunekin?
Gure inguruko jendea nahiko ondo portatu da. Adibidez, goiko bizilagunak bikarbonatoagaz garbitzen du arropa, usainik bota ez dezan. Albokoagaz wifiaren erabilera negoziatu genuen. Bizilagunek etxea margotu behar badute, abisua ematen digute. Gure etxepean desgaitasun intelektuala dutenentzako zentro bat dago, eta zabaldu zutenean frekuentziak ugaritu egin zirela ikusi genuen, etxean dugun aparatu bategaz. Eurekin berba egin ostean, haririk gabeko telefonoa lekuz aldatu zuten, eta mugikorrak kutxa batean gordetzen dituzte, izkina batean. Jarrera horiek salbuspena dira antzerako gaixotasunak dituztenen eguneroko bizitzan. Batzuek diote ea zergatik ez goazen kutsadura bako herri txikiren batera, baina hori ghettoak sortzea da, eta orduan bai zure gaitza ez dela ikustarazten. Gaixoen bizi baldintzak zelan hobetu adostea da egin behar duguna, baita prebentzioa lantzeko ere.
Osakidetzagaz batzartzeko asmoa duzue. Zer eskatuko diezue?
Asistentziarako plan integral bat landu gura dugu, astiro-astiro eta denboragaz gauza batzuk aldatzen saiatzeko. Adibidez, Eva Mariak atzamar bat apurtzen badu, medikuarenera joan eta txarrago irteten da. Atzamarra osatuta, bai, baina astebete ohean pasatu beharra dauka. Beraz, mediku batek etxera etorri behar badu, protokolo baten arabera lan egin dezala, ez bere prestutasunaren arabera. Medikuek formakuntza behar dute gaixotasun hauek ezagutzeko, eta jakintza bera edukiko duten espezialistak ere behar dira. Osasun zentroetan gune zuriak egotea ere ondo legoke. Andaluzian, esaterako, asistentziarako protokolo bat dute. Madrilen, gai kimikoei sentikorrak direnentzat ohar bat ipini dute zentro batean, hori edukiz gero abisatzeko eskatzeko. Gaztela Mantxan formakuntza saioak egin dituzte medikuekin. Hemen ere gauzak antzera edo hobeto egin ditzakegu.
Zer egin dezakete udalek? Durangokoak instalazioetan garbiketarako produktu bereziak erabiltzeko konpromisoa hartu du aho batez, Herriaren Eskubideak bultzatuta.
Garbiketen lizitazio berria egiterakoan, produktu horiek erabiltzea exijitu dezatela. Fumigazioak egiterakoan, berdin. Wifia leku publikoetan egongo ez balitz, pauso handia litzateke; ez dut uste beharrezko zerbait denik, eta guztientzat izango litzateke ona. Wifia kalean ez egoteak utopia dirudi, baina espazio publikoetako erabilera arautu daiteke; gauez amatatzea izan ahal da lehen pausoa, bihar bertan egin daitekeena. Kaleak margotzerakoan, abisua eman dezatela. Eremu zuriak sortzea itzela litzateke, wifirik eta mugikorrik bako parkeak, esaterako. Hori guztiontzat litzateke ona. Lehen, bazirudien kea kentzea ezinezkoa zela, baina orain badaude kerik gabeko guneak. Gaixotasunak dituztenentzat laguntza ekonomikoak ere ondo leudeke, produktuak garestiagoak baitira. Bestalde, noski, airearen kalitatea hobetzea. Fundizioak, paper fabrika... Durangon dagoen airea aldatzea. Pauso txikiak emanda, Durango erreferente bihurtu daiteke pertsona hauen bizi kalitatea hobetzeko eta prebentzioa lantzeko ildoan.
"Exean dena zainduta daukagu, eta bisitan etortzen direnek asepsia eginda
izaten dute"
Aurkezpenean argi utzi gura izan zenuen ez zaudetela teknologien aurka.
Hori da. Eva Maria bera ere teknologiazalea da, guk ez dugu internet kentzerik gura. Hori bai, wifia barik kablea ipini daiteke, ikastetxeetan adibidez. Gauza asko egin daitezke. 4Ga kasik ikertu barik ezarri da, eta orain 5Ga dator, hau ere ikertu bakoa. Kalifornian (AEB), esaterako, ikertu arte debekatu egin dute. Mugikorren gaia zail ikusten dut, jendea engantxatuta dago eta. Hala ere, uste dut hemendik 15 bat urtera beste era batera ikusiko ditugula gauzak, tabakoagaz gertatu den bezala. Helduko da erregulazio bat, baina arazoa da batzuentzat berandu izango dela. Eva Mariaren eta beste ehunka gaixoren moduan, dagoeneko atzeraezina izango da.
Eva Mariaren jarrera miresgarria iruditzen zait. Gaixorik egonda, lan altruista egin du: informatzeko, elkartea sortzeko, prebentzioa sustatzeko.
Meritu itzela dauka! Beti gustatu izan zaio jendeari laguntzea. Psikologian doktoratua da, gatazken erresoluzioan aditua. Topatu duen informazio hori guztia beraretzat gorde zezakeen, bere egoera hobetzen saiatu eta kito. Baina esan zuen: “Egin dezagun zerbait jendeari laguntzen saiatzeko, ni bezala galduta egon ez dadin”. Pertsona paregabea da, gaixorik egonda ere besteen bizi kalitatea hobetzeko lan egiteko prest dagoena. Izan ere, argi ikusten du neurriak hartu ezean arazo hau handiagotzen joango dela; gaur egungo gaixotasuna da. Zergatik ez zen hainbeste gertatzen orain 30 urte? Ez zegoelako elektromagnetikoen eta kimikoen hainbesteko esposiziorik. Egun batetik bestera hainbat gauza aldatu ditugu eta gure gorputzari kosta egiten zaio onartzea. Ez dakigu zer suposatuko digun.