Pinondon eginiko aurkezpen jendetsuaren amaieran Hazasen bideo bat eskaini dute antolatzaileek. "Bideo hau grabatzeak, hiru egunez ohean egon behar izatea ekarri dio Eva Mariari", azaldu du bere senar Roberto Martinezek, bizi duen egoera irudikatzeko. Baina, ekitaldian egoteko modua hori zen emakumearentzat, ezin izan baitu bertaratu. "Kalera irtetea, gudu-zelai batera irtetea da niretzat", esan du Hazasek bideoan. Kalte handia sortzen diote wifiak, aparailu elektronikoek, kutsadurak, jendearen lurrinek, desodoranteek, arropen krema leungarriek, kaleko garbiketa produktuek... Gainera, gutxieneko esfortzuak kalte egiten dio, baita berba egiteko ere. Hazasek desgaitasun gogor laborala jasoa du ofizialki.
Hunkituta, bertaratu direnei eskerrak eman dizkie Hazasek, eta gaixotasun hauen inguruko informazioa lantzeari balioa eman dio. "Informatzea garrantzitsua da, gaixoen bizi kalitatea hobetzeko eta kasu berriak prebenitzeko". Gero eta kasu gehiago daudela esan du, umeen artean ere bai. Gaixotasunak maila anitzetan agertzen dira, leunago edo gogorrago, eta batzuek bat edo bi dituzten bitartean, beste batzuek laurak dituzte, durangarrak bezala.
Inplikazio eta neurri eske
Bere senar Roberto Martinezek azaldu du elkartearen bidez arazo hau ikusgarri egin gura dutela, baita gaixo eta senideak orientatzea ere. Izan ere, ingurukoei lan handia ekartzen die gaixoa zaindu behar izateak. Bestalde, neurriak eskatu ditu pertsona hauen bizi kalitatea hobetu ahal izateko. Adibide lez ipini du, Frantziako eskoletan wifia debekatu dutela. Inplikazioa eskatu die instituzioei, eta Eusko Jaurlaritzako osasun sailagaz batzartuko direla argitu du -bertan izan dira ordezkari bi-. Gainera, eskerrak eman dizkie Durangoko Udaleko zinegotzi guztiei euren aldeko mozioa onartzeagatik, eta batez ere Herriaren Eskubideari, horren sustapenagatik.