“Ez da une egokia pinudi guztiak moztu eta bertako espezieei itxaroteko”

Markel Onaindia 2018ko aza. 2a, 09:22

Mendi ingeniaritza ikasi du eta Basoa fundazioko lehendakariordea da gaur egun Aitor Onaindia Bereziartua (Durango, 1976). Pinuaren krisia aztertzeko instituzioen artean sortutako mahaian parte hartzen du iaztik.

Posible al da gaixo dagoen pinuaren egurra saltzea?
Arazorik barik komertzializatu daiteke, eta argi utzi digute ministeriotik ere. Izan ere, hostoa da gaixorik dagoena, ez egurra. Udaberrian, orri berdearen gainean kobre oxidoa botatzen badugu, urte horretan ez da kutsatuko. Gaixotasuna beti egongo da, baina kontrol baten barruan, eta landareari garatzen lagunduko diogu.

Baina, ezin da ukatu kezka sortu dela basojabeen artean...
Prentsak horrenbesteko alarma sortu du, basojabeek arbolak kolpean bota gura dituztela. Baina, noski, bat-batean eskaintza itzelean handitzen bada, prezioa asko bajatuko da. Industriak ere esana du ez dela komeni. 5 urte barru zer pinu edukiko duzu?

Askok diote pinua bertako arbolekin ordezkatzeko unea dela.
Europako beste herrialde askogaz alderatuta dugun abantaila da, hazkunde azkarreko espezieak sartu ditzakegula. Aukera hori edukita, ezetz esatea gogorra da. Gainera, Euskal Herrian 20.000 lanpostu daude honen bueltan. Askok uste dute hau Irati lako baso handi bat zela, baina ez da egia. XIX. mende amaieran, lur ia guztia nekazaritzarako geneukan, eta XX. mendera ia arbolarik barik heldu ginen. Basoa barik, dehesa estiloko bat zen. Industrializazioa heltzean, lur asko funtziorik barik geratu ziren eta hazkunde azkarreko arbolekin aukera bat ikusi zen. Etorkizunean bioekonomian oinarritutako eredu bat gura badugu, ez da une egokia pinudi guztiak moztu eta bertako espezieei itxaroteko. Hori egitekotan, gradualki garatu beharko litzateke.

Zergatik diozu bioekonomiarena?
Europan, egurra sortzeko lekurik produktiboenetarikoa da Euskal Herria. Egurraren %70 bertan transformatzen dugu eta lana eta ekonomia sortzen dira. Baina azken pausoa falta da: gure beharrizanak egur horregaz kubritzea. Arropak egur zuntzez egindakoak izan ahalko lirateke, baina kanpoko kotoia darabilgu; beroa biomasagaz lortu ahalko genuke, baina Durangoko igerilekuak gasoilagaz dabiltza, udalak herri-basoak baditu ere. Mañariko harrobietatik harria ateratzen dugu, baina ez da birsortuko, ez da berriztagarria. Egurra bai, eta horretara menpekotu beharko ginateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!