Ekologistak Martxan elkarteak gogor kritikatu du erabakia. "Ingurumenaren kontrako atentatua" litzatekeela adierazi dute ohar batean. "Fumigatutako eremuaren ondoan dauden errekak eta akuiferoak kutsatuko ditu", gehitu dute.
Pinudietatik gertu, larreak, ortuak eta baserriak daude. Horregatik, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik (ENEEK) "arduratuta" daudela adierazi dute. "Tratamenduaren inguruko azalpen gehiago behar dira. Arduratuta gaude aurrekariak txarrak direlako", diote. Izan ere, pinu-beldarraren kontrako tratamenduak bota dituztenetan, kutsadura ortuetara heldu dela diote. "Pare bat kasu dokumentatuta eta Aldundiak onartuta daude. "Kasuetako bat Atxondon izan zen", azaldu dute ENEEK-etik.
Aldiz, Basoa Fundazioko lehendakariorde Aitor Onaindiren ustez, Zeelanda Berrian "emaitza onak" eman dituen tratamendua da eta hango adituen laguntzagaz eramango da aurrera hemen. Uraren kutsadurari dagokionez, "Zeelanda Berrian 60 urtean sekula ez dute arazorik eduki, oxido kuprosoa ez delako uretan ondo disolbatzen eta, beraz, ez du urak eramaten". Gainera, "dosi txikietan" erabiliko da. Hegazkinez beharrean, tratamendua "helikopteroz edo dronekin" botatzea egokiagoa dela diote, haizeak barreiatu ez dezan.