“Europan kalitatezko egurraren eskaria eskaintza baino handiagoa da”

Joseba Derteano 2018ko aza. 2a, 09:22

Lurra eta zuhaitza lotuta daude. Elkar elikatzen dute, mendeetan garatutako orekagaz. Pinuen monolaborantza oreka hori hausten ari dela eta lurraren kalitatea pobretu duela uste dute Kolore Guztietako Basoak plataformako kideek. Beste eredu bat posible ikusten dute eta bide hori urratzen hasteko abagunea dela defendatzen dute. Keko Alonso plataforma horretako biologoa da.

Beste basogintza eredu bat proposatzen duzue. Zertan datza?
Lehenengo eta behin, kontu bat argi utzi gura dut: gure helburua ez da monolaborantzaren ereduari di-da amaiera ematea. Gure diskurtsoak askotariko sektoreetako adostasuna duela uste dut eta honako hau da: mendia dibertsifikatzeko beharra, kontserbazio basoekin eta silvicultura teknika bidezko baso naturalekin, adibidez. Kontserbazio basoak ez dira mozketara bideratuak, baina beste era batera atera dakieke errentagarritasuna; aisialdiari lotutako ekintzekin, esaterako. Zuhaitz autoktonoak hastea, kalitate handiagoko egurra sortzea eta une bakoitzean behar dena botatzea da beste aukera. Bigarren mailako kalitatea duen egurra beharrean, lehenengo mailakoa lortuko litzateke, balio erantsi handiagoa duena. Europan kalitate horretako egurraren eskaria eskaintza baino handiagoa da. Errentagarria da ekoizleentzat. Egur honen balioa zein egur horregaz ekoiztutako produktuarena askoz handiagoak direnez, arraseko mozketa ekidin daiteke.   

Beraz, baso mota denen arteko banaketa egokiagoa da zuek proposatzen duzuena?
Bai. Begira, azkenean sentsibilitate askotako jendea dago. Hiriko eta herriguneetako jendeari gogoratu gura diot, gaurko eredua beste autoktonoago eta jasangarriago batengatik ordezkatu gura dugun arren, lurraren %75 pribatua dela eta gaur egungo ereduak familia askoren errenta osatzeko balio izan duela urte askoan. Hori kontuan hartu beharreko alderdia da. Baserri eremuko jendeari esango nioke inor ez datorrela ezer debekatzera. Interesa dutenekin gure proposamena euren lurretan lantzea gustatuko litzaiguke eta denon artean beste eredu bat posible dela ikusarazi gura diegu erakundeei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!