Euskal Herriko pinuak gaixorik daude. Aurretik ere gaitzak gainditu izan dituzte, baina aurtengoak gogor astindu ditu pinudiak.Basoetara begiratzea nahikoa da gertatzen ari denaren hedaduraz jabetzeko. Diagnostiko horretan ados daude denak, baina horren aurrean hartu beharreko jarreran iritzi desberdinak entzun daitezke. Erakunde nagusiek hainbat neurri iragarri dituzte egurraren sektorea gidatzen duen eredua —pinuen monolaborantza— salbatzeko. Beste hainbat eragilek, ostera, krisian abagune bat ikusten dute, bide berriak urratzen hasteko aukera bat.
Basogintzaren eta zuraren sektoreak Euskadiko Barne Produktu Gordinaren %1,5 suposatzen du eta 21.000 enpleguri eragiten die. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiak adostutako adierazpenean jasotzen diren datuak dira. Lau erakundeentzat "zuraren garrantzia ukaezina da" eta "oso ondorio kaltegarriak" eragingo lituzke basogintza jarduera desagertzeak. Beraz, hori ekiditera bideratu dituzte indarrak, gaixotasunak erasaten ez dieten landare motak ekarriz eta kaltetutako basoak sendatzeko fungizidak aztertuz, besteak beste. Azken puntu horretan, oxido kuprosodun tratamendua erabiltzen saiatuko dira.
"Ikusi egin behar balio duen", dio Juan Jose Arguinzoniz basojabe berriztarrak tratamenduaren inguruan galdetuta. Berriz, Zaldibar eta Etxebarri inguruetan 40 hektarea pinu ditu eta 15 gaixorik daude. Kezkaturik dago. "Pinua gaixorik dago eta ez dut eukaliptorik sartuko, lurragaz oso agresiboa delako", adierazi du. Bestelako zuhaitz espezieak sartzea, hau da, dibertsifikazioa, ondo ikusten du, baina alde horretatik ere "oso mugatuta" dagoela dio. "Lursailen kokapenak eta bertako klimak ez dute edozein zuhaitz mota sartzen uzten".
Industria, neurri eske
Egurra zerrategietara eta papergintzara bideratzen duen Central Forestaleko zuzendaria da Kepa Albizu, eta baita basojabeak eta industria batzen dituen Baskegur erakundeko idazkaria ere. Azaldu du gaixotasuna 1942an detektatu zela Euskal Herrian, baina azken urteetan txarrera egin duela, batez ere azken urtean. Epeltasuna eta hezetasuna dira horren errudun. Egoerari aurre egiteko, Zeelanda Berrikoen esperientziari jarraitzea proposatu dute industriatik, oxido kuprosoa erabiltzea. “Hau geratu egin behar da. Bestela, arazo larria izango da eta ez bakarrik basojabe eta industriarentzat, baita gizartearentzat ere. Izan ere, pinuak edukitzeak karbono dioxidoa gorde eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzen laguntzen du”, esan du.
Arduratuta egon arren, merkatuan ez dute aldaketarik igarri. “Momentu honetan ez dugu eraginik ikusten. Sikatuta dauden basoei irtenbidea eman beharko zaie, eta sano daudenak geroko utzi. Hemendik martxora gaixotasuna ez da gehiagora joango, eta orduan, tratamendua ematean, ikusi beharko da kapaz izan garen geratzeko. Bota behar direnak bota, pinu barietate erresistenteagoak landatu...".
Basogintza eredua, ezbaian
Kolore Guztietako Basoak plataformako Keko Alonsoren esanetan, monolaborantzan oinarritutako ereduak lurzorua ahuldu du eta mineraletan gero eta pobreagoa da. Ondorioz, pinuak gero eta ahulagoak direla dio. "Oso eredu produktiboa da epe laburrean, baina epe ertainean, ezegonkorra", gehitu du.
EH Bilduko alkateek prentsaurrekoa eskaini dute euren kezka adierazteko. "Zuhaitz ahulez josita dago lurraldea, eta horregatik sartu dira gaixotasunak horren erraz", esan dute. Errentagarritasuna eta jasangarritasuna uztartzeko eredua proposatu dute. EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, "lurren erosketa publikoari ekiteko neurriak martxan jartzen" ari dira.