Sokamuturraren aurkako manifestazioa egin zuten zapatuan. Zer iritzi duzue?
Angel Caballo: Arrakastatsua izan dela diote, baina nik ez dut horrela ikusten, kasik jende guztia kanpokoa baitzen. Horregatik, nire ustez, porrota izan da. Euren ideiak errespetatzen ditut, baina eurek ere errespeta ditzatela nireak. Abereari tratu txarra ematen diogula diote, baina ez da egia, ez dakit nondik atera duten hori. Bigantxak ez dira ukitu ere egiten, eta norbaitek hori eginez gero errieta egiten diogu. Guk zaindu egiten ditugu abereak. Non dago tratu txarraren muga?
Zenbat lagun egoten zarete sokamuturra prestatzen eta zaintzen?
A.C.: Ibilbidean zehar hamabost bat lagun egoten gara. Batez ere zaintza lana egiten dugu: bigantxak ihes ez egiteko, adin txikikorik ez egoteko, mozkortiak kanporatzeko...
Rai Bikandi: Kaleetako ateak ere zaintzen ditugu, zarratuta mantentzeko eta beharrizanen bat egonez gero, zabaltzeko.
Txikitatik bizi duzue sokamuturra?
A.C.: Oso txikitatik. Gorbea taberna gainean bizi nintzen, eta 3 urte nituenean jada, etxeko leihora irteten nintzen sokamuturra ikusteko.
R.B.: Orain barrura sartzea debekatuta dute 14 edo 15 urtekoek, baina adin horregaz, beti egoten nintzen sokamuturran. Ez nintzen zezenarengana hurreratzen, baina jaia sentitzeko modu bat zen.
A.C.: Gaur egun, arauak dio 16 urtetik beherakoak ezin direla ibilbide barruan egon, eta horregatik grada bat muntatzen da Santa Anan. 07:30ean hasten da Zezenak dira, eta 07:00etarako grada beteta egoten da. Afizio handia dago; Zezenak dira barik ez legoke Durangoko jairik.
Ba al dakizue 'Zezenak dira' noiztik egiten den Durangon?
A.C.: 520 urte inguru. Aspaldi, bigantxak Kalebarriako korta batean egoten ziren, eta edozein ospakizunen harira ateratzeko ohitura zegoen, herriko jaiez aparte ere bai. Ezkontza bat zegoenean, mutilek bigantxak eskatu zitzaketen udaletxean. Berdin urtebetetze festa batean, edo lehen jaunartze egunean. Aportazio txiki bat egin eta baimena ematen zieten.
R.B.: Jaiaren sinbolo bat dira bigantxak, eta ekimen parte-hartzailea eta espontaneoa da. Orain errotuta badago, lehen askoz gehiago. Gaur egun ekintza asko daude jaietan, baina lehen jaia bigantxak ziren.
Familietan transmititzen da?
A.C.: Tradizioa ez hausteko gogo bat dela uste dut. Nik ere umea txikitatik eramaten nuen zezen plazara, eta gaur egun Espainiako errekortarien txapelketan parte hartzen ari da.
22.000 euroko aurrekontua duzue, jaietako aurrekontu osoaren ia %10. Ez al da asko?
A.C.: 22.000 euroko aurrekontu horretan, abeltzainak, aseguruak, Gurutze Gorria eta azpiegiturak ordaintzen dira. Egunak batuta, eta 10 ordu direla kontuan hartuta, begiratu ordua zenbatean ateratzen den.
R.B.: Bost egun dira eta ez da karua. Edozein orkestra 10.000 euro kostatzen zaizu gaur egun.
Seguru makina bat anekdota duzuela kontatzeko.
A.C.: Hesiak ipintzen ez ziren sasoian, gura genuena egiten genuen bigantxekin. Pol-Polekoak esaten zigun taberna husten laguntzeko, eta bigantxa sartzen genuen. Gorbea tabernan eta gozotegian ere bai. Udaltzainen bulegoan ere sartzen genuen batzuetan. Astakeria ugari egin genituen. Amaitzean, gosaltzera joan eta tabernak beteta zeudenez, noizbait bigantxagaz joaten ginen lekua egiteko!