Egoera horren aurrean, Mallabiko Udalak gai honen inguruko herri galdeketa antolatu zuen joan zen uztailaren 1erako. Domeka horretako galdeketan 204 mallabitarrek parte hartu zuten. 119 pertsona idi probak diru publikoagaz babestearen alde agertu ziren, 81 kontra eta 4 boto zuriak izan ziren. Beraz, galdeketa loteslea izan zenez, aurrerantzean ere Mallabiko Udalak idi eta asto probak diruz laguntzen jarraituko du. Horrez gainera, espazio publikoak erabiliko dituzte ekitaldi horietarako.
Zornotzako herritar talde batek antzeko ekimena jarri du martxan. Boroako jaietan antolatzen dituzten idi proben eta jaietako uso-tiroaren inguruan galdeketa eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute change.org-en. Ekimenaren sustatzaileek diotenez, sarritan frogatu da idi probetan “legez kontrako substantziak” erabili izan direla. Era berean, usakumeak hiltzeko inongo justifikaziorik ez dagoela nabarmendu dute.