Mobilizazioa ez da arrakastatsua, 70 bat lagun batu dira, baina jaietako nobedadeetako bat izan den protesta hurrengo urteetan sendotzen joatea gura dute antolatzaileek. Ez hori bakarrik; Zezenak dira ekitaldia egiten jarraitu ala ez erabakitzeko, kontsulta bat egitea eskatuko diote Durangoko Udalari.
Zenbait durangarren artean berba eginda prestatu dute manifestazioa, eta elkarte animalisten babesa eduki dute. Pacma taldeko Jorge Iraurgi durangarra da deitzaileetako bat. “Tradizioa eteteko ordua da. Lehen aldia izateko, manifestazioa ondo egon da, durangarren falta sumatu badugu ere. Pozik gaude lehen aldiz egin dugulako, eta argi utzi gura dugu urterik urte mobilizazioak egiten jarraituko dugula. Astiro-astiro, gutxienez udalean kontsulta bat lortu arte”. Gorka Unzaluk ulertzen du jende lar batu ez izana. “Durangon sokamuturra hain errotua egonik, ez nuen jende askoz gehiago espero. Gainera, denak ados egon ez arren, esango denaz beldurra dagoela uste dut”.
Silvia del Amo izan da manifestazioaren ideia hasieratik bultzatu duena, eta argi ikusten du bigantxek “tratu txarra” jasotzen dutela. Herritarren zergen bidez sokamuturra finantzatzearen aurka ere badaude.
Denborak esango du sortutako eztabaida berez urtzen den edota adarretatik heltzeko ordua ailegatzen den.