Durangoko galdeketa

Erabaki plataformak kasik 4.000 sinadura batu ditu galdeketaren alde

Markel Onaindia 2018ko urr. 16a, 13:17

Erabaki taldeko ordezkariak, uztailean sinadurak entregatu zituztenean.

Estazio zaharreko lurren eremuko planari buruz herri galdeketa egitea nahi du Erabakik, eta uztailean 3.033 sinadura entregatu eta gero, orain beste 662 gehiago aurkeztu ditu udaletxean. "Espero dugu hauek azkar balioztatzea eta lehenbailehen herri galdeketa deitu ahal izateko osoko bilkurara eramatea gaia".

Estazioko eremua birmoldatzeko planagaz aurrera egin arren, galdeketaren eskaria ere tramitatzea onartu zuen udalak uztaileko osoko bilkuran, eta orain sinadurak aztertzen dabil. Galdeketa herri ekimenez eskatu ahal izateko, hautes-erroldaren %10 beharrezko da legearen arabera. Azken hauteskundeetan errolda 22.060 pertsonakoa zela, eta ondorioz 2.206 sinaduragaz nahikoa dutela azaldu dute Erabakitik. Horregatik, sinadura horiek "lehenbailehen" balioztatzea eskatu diote udalari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!