Durangoko galdeketa

Tren estazioko lurren planaz galdeketa tramitatuko du udalak, baina planagaz ere aurrera jarraituko du

Markel Onaindia 2018ko uzt. 19a, 21:05

Gaurko osoko bilkuraren ostean, trenak libre utzitako lurren gaia prozesu konplexu batean sartuko da. Plana aurrera eramango du udalak, baina galdeketa egiteko prozesua ere martxan jarriko da aldi berean. 100 lagun inguru batu dira bilkuran, eta amaieran 'Kanpora, kanpora' oihukatu dute. Galdera eta eskarien tartea hasi orduko amaitu da plenoa, gobernukoak irten egin direlako.

Erabaki plataformak urgentziazko mozioa aurkeztu du gaurko osoko bilkuran, atzo udalak sinatutako planaren dekretuaren aurrean. Plana eten, galdeketa egin eta aldaketak eginez gero horren eragina aztertzea eskatu du plataforma herritarrak. Baina, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak babestu dute soilik. PPko zinegotziak ez du bozkatu eta gobernu taldearen ordezko mozioak egin du aurrera alkatearen botoak berdinketa hautsita. Plana martxan jarri eta legeari jarraituta galdeketaren tramitazioa hastea izan dira onartutako proposamenak.

Goiztidi Diazek eta Pilar Riosek berba egin dute gobernuaren izenean. Azaldu dute 2006tik datorren plan bat dela, etxeez gainera parkeak eta zerbitzuak eskainiko dituena. Erabakik sinadurak sartu dituenez, legeari jarraitu eta galdeketa tramitatuko dutela iragarri dute.

Baina oposizioarentzat iragarpen hori ez da nahikoa. "Galdeketa egin arte proiektua eten egin behar da", EH Bilduko Ion Andoni del Amoren iritziz. Dekretuak herritarren iritzia "baldintzatuko" duela esan du, eta gobernuarena "mozio tranpa" dela. Bere ustez, proiektua "desfasatua" dago eta ETS "kaja egitera" etorri da. Gogoratu du Erabakik 3.000 sinadura batu dituela eta hori asko dela dio.

Herriaren Eskubideko Julian Riosen iritziz herritarrak "engainatu" ditu udalak. "Herritarrak soberan gaude gobernu taldearentzat". Plana "negozio inmobiliario" bat dela salatu du, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean berraztertzea eskatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!