Durangoko galdeketa

3.033 sinadura batuta, herri-galdeketa eskatzeko beharrezko sinadurak lortu ditu Erabaki plataformak

Markel Onaindia 2018ko uzt. 16a, 14:23

Sinadurak udaletxean erregistratu dituzte gaur goizean. 3.033 durangarrek trenbiderako planaren inguruan erabaki gura dutela diote horien bidez. "Sinadura hauei jaramon egingo zaien esperantzaz, Durango partizipatibo, atsegin eta berdeago baten alde borrokatzen jarraituko dugu", esan dute Erabakiko kideek prentsa oharrean. Planagaz aurrera egitea edo galdeketa deitzea erabaki beharko du orain udalak.

Euskadiko tokian tokiko erakundeen 2/2016 legearen 80.4 artikulua aintzat hartu dute Erabakikoek herri-galdeketa eskatu ahal izateko; iaz udalak onartutako Parte-hartzerako ordenantzak ere aukera hori jasotzen du. Maiatzaz geroztik sinadurak batzen ibili dira, eta berez udazkenean jarraitzeko asmoa bazuten ere, trenbide zaharrerako plana udalean aurkeztu izanak ideiaz aldatzera eraman ditu. "Lege-dekretua aurreratzeko Durangoko Udaleko gobernu taldeak agertutako presa eta urgentzia" aipatu ditu eskaera jadanik egiteko arrazoi lez. Aitziber Irigoras alkateak planaren aurkezpenean adierazi zuen dekretu bidez onartu ahalko dela proiektua, osoko bilkuratik pasa barik; hala ere, lehenik jendaurrean ikusgai jarriko dela ere iragarri zuen, eta iritziak batuko direla bertan. Udalean batzorde publiko bat egingo dute bihar gaiari buruz, eta Erabaki plataformak bertara joateko deia ere egina du. 

Durangarren 3.033 sinadura dira gaur entregatu dituztenak. "Durangok hitz gin du, erabaki nahi du", esanez baloratu dute emaitza. Legearen arabera, erroldatuen %10en sinadurak behar dituzte, eta egiaztatze bidean, badirudi beharrezko adina lortu dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!