Faustegoienan babeseko 118 etxe eraikitzeko plana martxan jarri zuen udalak, eta fasetan banatu behar izan zuen uko kopuru handia egon zelako. 70 dagoeneko eginda daude, eta datozen 6 hiletan edo urtebetean beste 48ak eraikitzen hastea aurreikusten dute. Gaurko osoko bilkuran lotu dute hitzarmena. Etxea erosteko interesdunek Durango Eraikitzenera jo dezakete; gero, zozketa egingo da.
Promozio osoa kontuan hartuta, 16 etxe izango dira gazte alokairurako. 6ren arautegia martxan jartzeko prozesuan daude; laster 5 gehituko zaizkie, eta eraikiko den azken fasean beste 5 egongo dira.
Hain zuzen, alokairuko etxeen kopurua izan da eztabaida eragin duena. Dani Maeztu (EH Bildu) eta Julian Riosen (Herriaren Eskubidea) ustez, lurren salmentatik jasoko den diru guztia etxebizitza politikan inbertitu beharko litzateke. Legeak horixe gomendatzen du, baina ez derrigortzen. Riosek esan du hitzarmena "iragandako eredu" batekoa dela, eta Maeztuk ohartarazi du Etxebiden izena emanda dauden 603 durangarretatik 525ek alokairuko etxea eskatua dutela. Aitziber Irigoras alkateak (EAJ) gobernu taldeak alokairuko etxeekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta Goiztidi Diaz alderdikideak esan du ezin dela diru guztia horretara bideratu gero ze kostu edukiko duen jakin barik. Pilar Riosek (PSE-EE) ere balioan jarri du proiektua, eta inguruko herrietan holakorik ez dagoela adierazi du hori berresteko. PPko Fran Garatek ere proiektua babestu du.