Gazteek mozioa prestatu dute hurrengo osoko bilkurarako, eta horren aurkezpen publikoa egin zuten egunean bertan udalak alokairuko zazpi etxeen iragarpena egin zuen. "Albistea pozez hartu genuen, gazteontzako alokairu sozialera bidean, garaipen txiki bat dela uste dugulako. Baina hau ez da nahikoa", esan dute Zabalduko Dituguko kideek. Kritikatu dute Durangon 1.500 etxe huts daudela, eta gaia udalaren erantzukizuna ere badela uste dute, nahiz eta instituzioak esan etxebizitzaren eskumena ez dela udalarena. "Espero dugu udalak herritarren proposamenak entzutea, eta gazteontzako alokairu plana gurekin batera diseinatzea. Zazpi etxe horietatik hasi, eta hutsik dauden etxe guztiak bete arte".
Mozioan, udalaren zein banketxeen jabetzako etxe hutsak gazteen alokairu sozialera bideratzea eskatuko dute, besteak beste. Banketxeen kasuan, Bilbon helburu horretarako hitzarmen bat lortu zela nabarmendu dute, BBK eta udalaren artean. Bestalde, alokairu sozialerako gehienezko ordainketa hilean 125 eurokoa izatea gura dute gazteek, eta lan kontratua derrigorra ez izatea ere bai.