Udalak aho batez onartu du gazte alokairua arautuko duen ordenantza. Alegaziorik ezean, hilabete barru onartuko da behin-betiko, eta orduan hasi ahalko dira gazteak etxeetan sartzeko eskaria egiten. 18 eta 30 urte artekoek edukiko dute eskubidea; urtean 7.500 eta 33.000 euro arteko diru sarreren jabe izatea da beste baldintza bat. Etxeetako egonaldia txandakakoa izango da, epemuga bategaz.
Alderdiek urtebete eraman dute lanean. Gazteen kolektiboekin ere batu izan dira. Hain zuzen ere, Zabalduko Ditugu dinamikak alokairu sozialaren aldeko aldarrikapena zabaldu du azken urtetan, kalean eta baita udalean ere. Gazteen mozio bat onartu zuen udalbatzak, esaterako.
Alderdiak, baikor
Aitziber Irigoras alkateak (EAJ) alderdien lana eskertu du. "Pozarren hartzen dugu akordioetara heltzeko grina". EAJk, EH Bilduk, eta Herriaren Eskubideak lez, Pilar Rios alkateordeak (PSE-EE) gazteen kolektiboek batzarretan eta Durango Eraikitzen zerbitzuan egindako ekarpenak eskertu ditu. Gainera, gaurko ekimena etxebizitza politika orokor baten baitan kokatu du. Jon Bingen Landabidearen (EH Bildu) ustez, aurrerapauso bat da gaurkoa. "Kontziente gara 11 etxek ez dutela arazoa konponduko, baina abiapuntu lez ikusten dugu". Berak eta Julian Riosek (HE) alokairuko etxebizitza parkea handitzeko beharra nabarmendu dute. Fran Garateren (PP) ustez, udalak gazteen emantzipazioan lagunduko du ekimenagaz.