Durangon 1.500 etxe huts daudela uste dute, eta errolda ofizial bat lantzera doaz

Markel Onaindia 2018ko urt. 24a, 18:38

Udalaren helburu nagusia etxebizitza horiek alokairura bideratzen saiatzea da, behin etxeak hutsik daudela egiaztatzean. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako Enplegu Planaren bidez landuko dute errolda ofiziala; sei lagun kontratatu dituzte etxerik etxe joateko, eta sei hileko epean jakin ahalko da zehaztasunez Durangon zenbat etxe huts dauden. 110.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta 75.000 Lanbidek ipiniko ditu.

Aitziber Irigoras alkateak (EAJ), Pilar Rios alkateordeak (PSE-EE) eta Dani Maeztu zinegotziak (EH Bildu) eman dute ekimenaren berri prentsaurrekoan. Irigorasek azaldu du etxebizitza eta enplegu politikak sustatzea izan zela gobernu taldearen akordioaren oinarria, eta proiektu honetan biak uztartzen direla. Akordioa lortzeko hiru alderdiek eginiko "lan itzela" aitortu du alkateak. Riosek adierazi du alokairua dela "aukera bideragarri bakarra" gazteentzat, eta hori sustatu gura dutela ekimenagaz. Izan ere, etxe hutsen jabeei informazioa eskaintzea ere bada euren asmoa. Bestalde, San Fauston gazteei begira alokairu sozialean ipiniko dituzten txandakako 6 etxeen arautegia -beste 5 ere eskainiko dituzte laster- datorren osoko bilkuran onartuko dela aurreratu du. 

Proiektu bi horien elaborazioaren eta akordioaren parte izan da EH Bildu, eta horregatik plazaratu da gaur prentsaurrekoan gobernuagaz, ez ohiko irudia sortuz. Zabalduko Ditugu gazte mugimenduak alokairu sozialaren aldeko mozioa aurkeztu zuela gogoratu du Maeztuk, eta errolda osatzea horretarako lehen pausoa izango dela. Bestalde, erroldari esker etxe hutsei zerga berezi bat ezartzeko modua ere egongo dela adierazi du, merkaturatzea sustatze aldera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!