Durangoko galdeketa

Estazio zaharreko eremuan 554 etxe eta errepide bat eraikitzeko plana dagoela salatu dute

Markel Onaindia 2018ko urt. 10a, 12:41

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak prentsaurrekoa eman dute tren geltoki zaharraren inguruan. "Eraisketaren benetako arrazoiak" bost etxe dorre eta errepide bat eraiki gura izatea direla diote. Gainera, jakitera eman dute eraikina kultur ondare izendatzeko eskaera erregistratu dutela Eusko Jaurlaritzako ondare zuzendaritzan. Izendapenari buruz erabakia hartu bitartean, "logikoena" proiektua geratzea litzatekela erantzun dietela esan dute Durangoko oposizioko ordezkariek.

Bost dorreak -554 etxe guztira- trenbideko espazioa berrantolatzeko planean kokatu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta udalak, eta EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen arabera, ideia horregaz aurrera darraite -krisiaren eraginez, urteetan zehar plan horren inguruko zalantzak agertu izan dira-. Horixe izango litzateke estazio zaharreko eraikina botatzeko helburua, betiere oposizioko kideen esanetan. Etxe horiei guztiei irteera bat emateko, Sasikoa eta Askatasun etorbidea lotuko lituzkeen errepide bat agertzen da planean, estazio zaharreko eraikinaren ingurutik zeharkatuz. Beraz, "herriarentzat estrategikoa den eremuan" gune berderik ez dela egongo kritikatu dute. "Hauek dira EAJren eta PSEren benetako intentzioak, eta argi geratu dadila", esan dute prentsaurrekoan. Momentuz, udalak etra ETSk esan dute ingurune hori urbanizatu eta herritarrentzat zabalduko dutela, gune berde bat sortuta. Bestalde, oposiziokoek, libre geratuko den lurrean geltoki berrirako sarbide nagusirik ere ez dela egingo aurreikusi dute, ETSk esan duenaren kontra.

Alderdi biek eraisketa geratzea eskatu diete udalari eta jaurlaritzari, eta estazioagaz zer egin erabakitzeko galdeketa bat martxan jartzea proposatu dute. Martxoaren 31ko bonbardaketaren helburu bat izan zela gogoratu dute, eta 50eko zein 60ko hamarkadetako migratzaile askoren helmuga ere bai. Eraikina mantenduta, memoria lantzeko eta herritarren zerbitzura ipintzeko aukera ikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!