Gobernu Taldeak prentsa oharrean azaldu duenez, Durangoko Udalak eta ETSk, estazio zaharreko eremua urbanizatzeko adostutako lankidetza-hitzarmena gaur bertan bidali diete udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiei. Guztira, 7.500 metro karratu baino gehiago urbanizatuko dituzte.
Hitzarmenaren onarpenari eta jarraitu beharreko prozedimenduari dagokionez, Gobernu Taldeak argitu duenez, hirigintzako jardunerako hitzarmen bat den heinean, eta ez hiri-antolamendukoa, eskumena Alkatetzari dagokio. Lehendabiziko onarpenaren ostean, informazioa publikoa izango da 20 eguneko epe legala ezarriz eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eduki osoa egongo da eskuragai, alegazioak aurkezteko aukera eskainiz. Behin aipatutako epea igarota eta aurkeztutako alegazioei konponbidea emanda, behin betiko erabakia hartuko dutela diote oharrean.
Gobernu taldeak azaldu duenez, "hitzarmen honekin, beste pauso garrantzitsu bat ematen da obren exekuzioekin hasteko. Hirigintza alorrean traszendentzia handiko operazioa da Durangorentzat, izan ere, amaitzean, erabat desagertuko baita gaur egun udalerria zeharkatzen duen trenbidea".