Durangoko guraso talde bat bere kabuz antolatzen hasi da, umeen espazioei buruz proposamenak egiteko

Markel Onaindia 2017ko aza. 6a, 13:05

Durangon dagoen eskaintza urria dela uste dute, eta herriko gurasoek eta familiek dituzten iritzi zein kexak konpartitu gura dituzte. Ekimena ez da protesta hutsean geratuko: ideiak sortu eta proposamenak landu gura dituzte. 

Udalak duela aste batzuk amaitu zituen Landako eskolako jolasgunea estaltzeko obrak -herriko lehen jolasgune estalia da-, eta eremu horren harira deitutako batzar zabal batean hasi ziren elkartzen gurasoak. Orain, Facebook sare sozialean orrialdea sortu dute, eta asteburu bakarrean 1.000 lagunetik gora batu dira. Orrialde horren bidez, jendearen kexak eta iritziak jasotzeko asmoa dute, adibidez. 

Durango 30.000 biztanle inguruko herria izanda, gaur egun umeentzat dagoen eskaintza ez dela nahikoa uste dute guraso horiek. Gainera, herrira eskualdetik ere hainbat lagun etortzen direla kontuan izanda, udalak guzti horiei begirako eskaintza bat egin beharko lukeela diote. Baina, "ez dago etorkizunerako planik", gurasoetako batek kritikatu duenez. Horregatik, ikuspegi eraikitzaile bategaz jardungo dute taldean. 

Elkarte lez funtzionatzen hasi gura dute, eta oraindik data zehaztu barik badute ere, batzar zabal handi bat deituko dute laster. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!