Kurutziaga ikastolako jolasgunea eraberritu eta herrira zabaldu gura dute

Markel Onaindia 2017ko uzt. 7a, 11:00

Kurutziagak jolasgunea berrituko du datorren ikasturterako, hezkidetza, natura eta partaidetza oinarri hartuta. Adibidez, mutilek espazioan duten protagonismoa orekatu gura dute.

Gaizka Uriartek azaldu du guraso talde batek prozesu bat sustatu duela ikasleen iritzia ezagutzeko. Alde batetik, gaur egun zelan eta non jolasten diren aztertu dute, eta guraso zein arduradunek aurrez uste zutena egiaztatu da: jolasgunean mutilek hartzen dute protagonismoa -batez ere futbolean-, eta neskak kantxaren albo batean geratzen dira jolasean edo solasean. Bestetik, umeek zer gura duten galdetuta, aterpeak eta lasai berba egiteko mahaiak eskatu dituzte, adibidez. Ondorioz, parkea, bidexkak, antzeztoki bat eta muinoak sortuko dituzte naturak garrantzia edukiko duen espazio eraldatuan, besteak beste.  

Gainera, jolasgunean integratuko dute ikastolatik goiko txalet berrietarainoko lursaila, udalak lagata. Lagapen hori ia aho batez onartu zuten bilkuran –PP abstenitu zen soilik– eta Urko Rodriguez zuzendariak eskerrak eman dizkie alderdiei. Trukean, jolasgunea herrira zabalik egongo da astegunetan, 20:30era arte, zapatuetan goizez, eta jaiegunetan ere zabaltzeko borondatea dute, zehaztu barik egon arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!