“Umeek bizimodua herritik kanpora egiten badute, Mañaria bizirik barik geratuko da”

Joseba Derteano 2017ko eka. 30a, 09:15

Ume batek amaitu ditu eguneko klaseak Iurretako Maiztegi ikastetxean. Ogitartekoa jaten duen bitartean, Durangoko kiroldegira doa. Han zain ditu lagunak, futbolean aritzeko. Sargori dago, eta etxera bueltatu aurretik bainu bat hartu du Tabirako igerilekuan. Ume hori Mañarian bizi da, baina herritik kanpora eman du eguna, kanpoko lagunekin.

Herri txikietan askotan gertatzen den adibidea da, batez ere, herri handia, askotariko azpiegiturez ondo hornitutakoa, gertu dagoenean. Mañarian dute bizilekua, baina ez euren bizimodua. Egoera horri buelta emateko, lanean dabil guraso talde bat. Aisialdi eskaintza zabala diseinatu dute gaztetxoak herrian dibertitu daitezen, herria ezagutu dezaten eta herriko beste umeekin hartu-eman sareak sendotu ditzaten.

Azken urteetan ume kopuruak ere gora egin du herrian. Badago lehengaia. Baina “bizimodua kanpoan egiten badute, Mañaria bizirik barik geratuko da”. Profetikoa izan daitekeen hausnarketa horrek eraginda hasi ziren lanean, Kontxi Ikobaltzetak gogoratu duenez. Lanketa hori aurrera eramatea “gurasoei” zegokiela erabaki zuten, eta helburu argiak markatu zituzten. “Umeek ahalik eta bizimodu gehiena herrian egin dezaten gura dugu, eta euren arteko hartu-emanak indartu ditzaten”.

Herriak eskaini dezakeena modu atsegin eta dibertigarrian aurkeztea da gakoa. Propio duen aberastasuna interesgarri eta tentagarri bihurtzea, imajinazioak lagunduta. Horren adibide da iaz plazan egin zuten kanpaldia. Etxetik kanpora eman zuten asteburua, herritik irten beharrik barik. Plaza kanpin-dendekin bete zuten, izarren azpian lo egin eta eguzkiaren argitan bazkaltzeko. “Aurten derrigor errepikatu behar dugun ekintza da. Umeek eskatu dute, iaz oso ondo pasatu zutelako”, azaldu du Ainhoa Alzagak. Izan ere, umeen iritzia funtsezkoa da. “Ez dugu zerbait telegidatua izatea gura. Umeei zer gura duten galdetu, eta gero baliabideen arabera egiten ditugu ekintzak.

Hainbat irteera antolatu dituzte, auzoetara zein mendira, herriko txokoak bertatik bertara ezagutu ditzaten. “Bakarrik joaten badira, segituan nekatzen dira, baina taldean badoaz itzel gozatzen dute”, dio Mikel Garciak.

Beste ekimen “arrakastatsu” bat udalekuak dira. Iaz gurasoen ekimenez antolatu zituzten lehenengoz, ordura artekoa baino adin tarte zabalagorako. Hain harrera ona izan zuen ze, aurten astebetekoak beharrean lau astekoak antolatu dituztela.

Adinekoekin hartu-emanak
Beste ekitaldi batzuen bidez belaunaldien arteko harremana  sustatzen dute. Esaterako, aurtengo txitxi-burruntzi egunean, nagusiek egindako tostadak eta erroskillak jan zituzten. Beste behin, herritik antolatutako krosean, gaztetxoek jubilatuen eskutik jaso zituzten freskagarriak. “Nagusiek pozarren laguntzen dute, gustura ibiltzen dira umeekin”, dio Garciak.

Finantziazioaren zati bat udalatik jaso dute: 8.000 euro. Gainerakoa lortzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte: Olentzero abesten irten ziren, eta azokan bigarren eskuko produktuak saldu zituzten. Umeen aisialdian inbertituko dituzte xoxak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!