Kontzertuen ordutegia aurreratzeaz aparte, gunetik gertu uneoro anbulantzia bat egongo da -duela bost urte anbulantzia batek arazoak izan zituen bertan sartzeko-, eta komun eta kontainer gehiago ipiniko dituzte, besteak beste.
Aurten berriro ere kritiken erdigunean jarri dira txosnak, eta horren aurrean, euren izaera eta lanari garrantzia eman gura izan diote. "Herriaren bizitzan eta herriaren etorkizunean sinesten duten 14 elkartetako ehunka pertsona konprometituk osatzen dugu txosna batzordea. Elkartasunez eta borondatez egiten dugu lan, bai jaietan eta baita urte osoan garatzen ditugun proiektuetan ere". Horrez gainera, txosnak inklusiboak izango direla diote, eta brigada feministak ere egingo dituztela eraso sexistak prebenitzeko helburuz.
Urriaren 11n hasiko dituzte jaiak, dispertsioaren aurkako taldeak jaurtiko duen txupinazoagaz -urteurren baten harira-. "Egitarau oparoa" osatu dutela diote, paella lehiaketagaz, erreka jaitsieragaz, umentzako puzgarriekin eta oilasko dastaketagaz, besteak beste.