Kurutziagako bizilagunek "erabateko desadostasuna" erakutsi dute Txosnagunea auzoan ezartzeagaz

Markel Onaindia 2017ko ira. 13a, 11:01

Joan zen eguaztenean Kurutziaga kaleko auzokide eta merkatariek batzarra egin zuten egoeraz berba egiteko. Euren ondorioak udalari igorri dizkiote, "auzokide eta merkatari ia denek sinatuta", diotenez. ANBOTOk eskuratu duen dokumentu horretan gogor egiten dute erabakiaren kontra, eta "irainduta" sentitzen direla diote. Prentsatik enteratu izana ere kritikatu dute. Duela bost urte anbulantzia batek sartzeko zailtasunak izan zituela gogoratu, eta kezkatuta daudela nabarmendu dute. "Tristea da gure kexa berriro erakutsi behar izatea, politikariek gutxietsi gaituztelako".

Dokumentuan hainbat arrazoi eman dituzte euren desadostasuna agertzeko. Nagusia, kaleko ebakuazio eta larrialdi planengatik duten ardura. Kurutziaga kaleko etxe gehienak 100 urtetik gorakoak izatearen balioa ere aipatu dute, eta bertan komertzio ugari egotea ere bai. "Bezero kopurua bajatuko zaie, zabortegi baten erdian kokatuta egongo direlako", adierazi dute era gordinean. Bestalde, musikaren zaratak umeei eta nagusiei eragingo diela ohartarazi dute, baita gertu dagoen erresidentziakoei ere. Gainera, Ertzain-etxea inguruan egonda, ertzainen eta jaizaleen artean arazoak sortu daitezkeela ere uste dute auzokideek. 

Arrazoi horiengatik eta beste hainbatengatik, ez dute gura bertan txosnarik ipintzerik. Baina, erabakia mantenduz gero, eskakizunak egin dizkiote udalari. Larrialdi eta ebakuazio planen informazioa eskatu dute, eta txosnen kokaleku zehatzarena ere bai. Etxeak babestea nahi dute, eta kaleko pibote metalikoak kentzea -duela bost urte pibote bategatik ezin izan zen sartu anbulantzia-. 

Barikuan batzar bateratu bat egingo ei dute udalagaz eta Txosna batzordeagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!